18/98 auzian epaitutako lagunei gaur hasi zaizkie epaiak jakinarazten. 17:40etik aurrera hasi dira eramaten Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zituen tribunalaren aurrera, eta erabakia irakurriko diete. Jone Goirizelaia defentsako abokatuak esan du atxilotze-agindua jasotako 46 lagunetatik 27ri jarri dietela hitzordua. Hauei: Alberto Frias, Elena Beloki, Txema Matanzas, Jexux Mari Zalakain, Javier Salutregi, Xabier Balanzategi, Iñaki O'Shea, Jose Garcia Mijangos, Iker Casanova, Olatz Egiguren, Mario Zubiaga, Ruben Nieto, Patxi Gundin, Pablo Gorostiaga, Juan Pablo Dieguez, Xabi Otero, Sabino Ormazabal, Fernando Olalde, Isidro Murga, Mirian Campos, Txente Askasibar, Mikel Aznar, Karlos Trenor, Paul Asensio Andoni Diaz, Imanol Iparragirre eta Ana Lizarralderi.
Beste auzipetuak bihar eramango dituzte Auzitegi Nazionalera.
Atxiloketa olde horretatik azkena bart gauean egin dute, Getxon (Bizkaia): enpresen atalean epaitutako Bigarren Ibarra atzeman du Espainiako Poliziak. 9 urteko espetxe zigorra eskatu zuen haren kontra fiskalak, eta, filtratu denez, oraindik eta handiagoa jarriko diote, 13 urtekoa.
Auzitegi Nazionalak emandako atxilotze-agindutik 46 lagunetatik 39 atzeman dituzte, eta gehienak Soto del Realgo Madrilgo espetxean sartu dituzte. 20 bat kide Madrilgo beste kartzeletara eraman dituzte. 46 haietatik hiru dagoeneko espetxean zeuden: Batasuna auziagatik Iparragirre eta Lizarralde, eta Enpresak auziagatik Iker Beristain.
Atzo milaka lagunek salatu zituzten atxiloketa horiek guztiak eta balizko epai zigortzailea Bilboko kaleetan egin zen manifestazioan. Epaiaren ingurukoak salatu ez ezik, "Euskal Herriaren eskubideak" aldarrikatu zituzten. Oraindik libre ziren auzipetuak joan ziren manifestazioaren buruan, eta Batasuneko, EAE-ANVko, Aralarreko, ABko eta LABeko ordezkariak izan ziren, besteak beste, ekitaldian.
'18/98 auzia'
Epaileek gaur jakinaraziko diete auzipetuei epaia, Auzitegi Nazionalean
27 lagunek jaso dute hitzordua. Besteak bihar eramango dituzte. Dagoeneko atxilotze agindupean dauden 46 auzipetuetatik 39 atzeman dituzte (beste hiru lehendik zeuden kartzelan), eta gehienak Madrilgo Soto del Real espetxera eraman. Atzo milaka lagunek salatu zituzten '18/98 auziaren' inguruko azken erabakiak Bilboko kaleetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu