Defentsak agiri hori erakusteko eskatu du Etxeberriaren deklarazioaren une batean, eta, orduan, ez dute aurkitu. Gero, ordea, topatu dutenean agiri hori irakurtzeko agindu dio Angela Murillo epaimahaiko presidenteak idazkariari. Goirizelaiak, ea zergatik irakurri duten galdetu du. Berak ez duela horrelakorik eskatu, eta fiskalak eta akusazio partikularrak ere egin ez dutenez, hori egiteko agindurik ezin duela eman esan dio epaimahaiari. Izan ere, hori, froga dokumentalen atalean egin behar dela azaldu du, eta ez ahozko saioetan.
Beraz, akusatuei errua egotzi nahian "alderdikeria nabaria" egiten ari da epaimahaia defentsaren iritzian. Horregatik, epaimahaia ezestea eskatu du, eta erabakia hartu bitartean epaiketa bertan behera gelditzea. Epaimahaiak minutu batzuk hartu ditu erabakia hartzeko, eta hartutako erabakia defentsaren kontrakoa izan da, eta epaiketarekin jarraitzeko agindu du.
Froga horren inguruko ika-mika sortu aurretik, izan da besterik: Etxeberria auzipetuak fiskalari eta herri akusazioari zergatik ez dion erantzungo azaldu nahi izan duenean, hau da, "auzi politikoa" dela salatu nahi izan duenean, Murillo epaileak hitza kendu dio, orain arteko beste auzipetuekin egin duen bezala.
Goizeko une batean, berriz, eten egin dute epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzi-mediku batek Jokin Gorostidi auzi-medikuari zenbait froga egiteko. Izan ere, osasun arazo handiak ditu Gorostidik, arnasa hartzeko zailtasunak, eta hori dela-eta, auzipetu hori berari buruzkoak diren epaiketako saioetan bakarrik egoteko baimena eman diezaiotela eskatu du defentsak.
Gainerakoan, 'Egin' egunkariaren itxieraren ingurukoak aztertzen hasi dira gaurko saioan; hau da, 'Orain atalari' ekitekoak. Hain justu, atal horren barruan egin ditu fiskalak zigor eskaerarik handienak. Hori dela eta, goizean Auzitegi Nazionalak Madrilgo Casa de Campon duen egoitzara iritsi direnean, 'Egin, adierazpen askatasuna' jartzen zuten txartelak erakutsi dituzte auzipetuek.
Senideez gain, beste hainbat lagun ere joan da Madrilera elkartasuna adieraztera, besteak beste, Joan Mari Irigoien idazlea, eta Alberto Gabikogeaskoa eta Josu Naberan euskaltzale eta helduen euskalduntze-alfabetatzean aitzindariak.
'18/98 auzia'
Epaimahaia ezestea eskatu du defentsak, "alderdikeria nabariagatik"
'18/98 auzia' epaitzen ari den epaimahaia ezestea eskatu du defentsak, tribunal hori "alderdikeria nabariaz" auzipetuen aurka jokatzen ari delako. 'Enpresen atalean' Joxean Etxeberria auzipetua deklaratzen ari zela, bere kontrako akusazioaren froga nagusi den agiria ez zen agertzen. Agertu dutenean, berriz, hura irakurtzeko agindu du epaimahaiak, inork horrelakorik eskatu ez duen arren. Goirizelaiak esan du, epaimahaia akusatuei errua egotzi nahian ari dela, eta hori ez dela bere egitekoa. Defentsaren eskaria baztertu, eta epaiketarekin jarraitzeko eskatu du epaimahaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu