Akusazioen tesia bere egin du zinpekoen epaimahaiak: Cristina Estebanezen bikotekide ohiak aurrez pentsatu zuen hilketa. Funtsean hori erabaki behar zuten epaimahaiko herritarrek, gainerakoa hiltzaileak berak aitortua baitzuen. Lau delituren errudun jo dute: Estebanez hiltzea, haren orduko bikotekidea hiltzen saiatzea, legez kanpo haren etxean sartzea eta Estebanezengandik urruntzeko agindua urratzea. Seidel Martinez akusatuaren «erotasuna» eta «haserrealdia» aringarritzat jotzeko eskatu zuen defentsak; ez ditu aintzat hartu epaimahaiak, frogarik ez dagoela iritzita.
2010ean hil zuen bikotekide ohiak Estebanez. Epaiketan perituek argi utzi zuten prestatutako hilketa izan zela: teilatutik sartu zen etxera, soka sistema bat erabiliz; orduetako lana eskatu zion horrek. Defentsaren tesia hankaz gora utzi zuten; kasua homizidiotzat jotzea nahi zuen. Hilketa izan zela erabaki du epaimahaiak.
Fiskalak eta akusazioek eutsi egin diote eskariari: 35 urteko kartzelaldia nahi dute Martinezentzat. Epaileak erabakiko du zigorra, herri epaimahaiak frogatutzat jotako delituen arabera.
Atxilotu bat Gasteizen
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekide ohiaren oraingo bikotekideari eraso diolakoan. Artazi batzuekin eraso zion, eta lepoan eta bizkarrean zauritu zuen. Atzo goizaldean hartu zuten preso gizona, 49 urtekoa. Asteburuan gisa bereko beste eraso bat izan zen Bilbon, larriagoa: bikotekide ohiaren egungo bikotekidea hil zuen gizon batek. Ihes egina dago.
Epaimahaiak dio aurrez pentsatua izan zela Estebanezen hilketa
Andrearen bikotekide ohia zigortzeko agindu du epaimahaiak, lau delitu egotzita; ez du aringarririk onartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu