EPPK: «Irteera indibidualik ez da izango ikuspegi kolektiborik gabe»

Euskal Preso Politikoen Kolektiboarentzat, amnistiaren ideiak «konponbide demokratiko integrala» esan nahi du«Jukutriak alboratzeko» eskatu die Espainiako nahiz Frantziako gobernuei

Koldo Aldabe.
2012ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Atzo zortzi Bilboko kaleetan euskal preso eta iheslarien alde mobilizatu zen jendetzarengatik «poz handia» adierazi du EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, BERRIAra igorritako agiri batean, «jasotako babes sozial eta politikoa sekulakoa» izan delako. «Olatu» horretatik «at» geratu zirenak «uzkur, zurbil eta lekuz kanpo» geratu direla dio, eta horien artean bereziki EAJ, zeinari buruz EPPK-k dio «aukera berria» galdu duela eta ondorioak ekarriko dizkiola.

Espainiako Gobernua «presionatuta» sentitzen dela ere esan du EPPK-k, are gehiago «garai berriek beharturiko» egoera politiko honetan «espetxe politika zalantzan jarri eta aldarazi beharra etxe atariraino iritsi zaionean».

Espainiako Gobernuari, Frantziakoari eta «arduradun politiko orori» «jukutriak alboratzeko premia» ere helarazi die presoen kolektiboak, eta horiek «tronpatu» egiten direla esan du, «konponbidea» preso bakoitzaren «gainean» jartzen dutenean, EPPKren arabera, ez baita «irteera indibidualik» egongo «arazo politikoari heldu gabe», ezta «ikuspegi orokor eta kolektiboari muzin eginez». Izan ere, agirian azpimarratu dutenez, EPKKri «inposatu zaizkion salbuespeneko neurri» guztiak «kolektibo osoari aplikatu zaizkio», eta, hori horrela, «hein berean dagokie neurriok indargabetzea».

Kolektiboarentzat amnistiaren ideiak zer esan nahi duen ere argitu du agirian: «Konponbide demokratiko integrala esan nahi du guretzat»; alegia, euskal preso eta iheslari guztiak «etxera ekarriko dituen prozesu demokratikoaz ari gara».

EPPK-k berretsi egin du, «azken ekimenekin erakutsi bezala», urrats gehiago egiteko borondatea, «abiatutako prozesu demokratikoan bere ekarpen positiboa egiteko». Gobernuei, espetxe erakundeei eta hedabideei ere urratsak egitera eta jokabidea aldatzera dei egin die EPPK-k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.