EPPK-k «borondate fermua» azaldu du prozesu demokratikorako

Mikel Ibañez Espainiaren «espetxe politika ankerrak» hil duela salatu du euskal presoen kolektiboak

Oihana Elduaien Uranga.
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Prozesu demokratikoa eraikitzea da orain lehentasuna, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren irudiko. Lan horretan «lehen lerroan» izango dela jakinarazi du, BERRIAra igorritako agiri batean, eta hura burura eramateko «borondate fermua» duela dio. «Prozesu hori eraikitzeko ezinbestekoa dugu herritar ororen aktibazio eta parte hartzea. Ezeren eta inoren zain gelditu gabe, inori begira egon gabe. Guk, Euskal Herritarrok eta Euskal Herriko eragileok dugu prozesu Demokratikoa eraikitzeko erantzukizuna. Gure eskuetan dago prozesu hori bururaino eraman eta gure herriaren askatasuna ahalbidetuko duen markoa gureganatzea».

Mikel Ibañez euskal preso politiko ohia «Espainiako estatuak hil» duela salatzeko oharra kaleratu du EPPK-k, eta hain justu, Ibañez «heriotzaraino eramateko» arrazoia horixe dela diote: «Konpromiso horri tinko eustea».

Ibañez ez dela arrazoi naturalengatik hil ohartarazi du EPPK-k: «[Espainiak] Euskal Preso Politikoon kontra aplikatzen dituen gerra neurriek hil dute Mikel». «Espainiako estatuak indarrean duen espetxe politika krudel zein ankerrak eraman du Mikel heriotzaraino. Urteetako jazarpenak eta bere gain estatuek deskargatu duten errepresio bortitzak eragin du Mikelen heriotza», dio. Ibañez ez ezik EPPK-ko beste 22 kide ere «Espainia eta Frantziako estatuek indarrean duten Euskal Preso Politikoen kontrako kartzela politika kriminalak» hil dituela salatu du.

«Duintasuna»

«Jarrera koldarra, ankerra eta krudela» izatea egotzi dio EPPK-k Espainiari, baina, horren aurrean Ibañezek izandako jarrera goraipatu du: «Mikel kidearen duintasuna azpimarratu nahi du gaurkoan EPPK-k. Bere bizia hari batetik zintzilik edukita ere, 'irtenbide indibidualizatuari', damuketari alegia, uko egin eta duintasunez eta osotasunez Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokari eutsi zion gogor. Gora zu Mikel!». Izan ere, Ibañez gaixo zegoela jakindakoan, egoera erraztu beharrean, «jazarpena estutu eta presioa areagotu» zizkiotela salatu du. «Euskal Preso politikooi muturreko bizi baldintzak inposatu eta, baldintza hauek 'arintzeko' eskaintzarekin gure damuketa eskatzen duen politika ere aplikatu zioten».

EPPK-ren ustez, jarrera horrekin Espainiako Estatuak argi utzi zuen presoak «tresna gisara» erabili nahi dituztela; «Euskal Preso Politikoak gure herriaren ukazioa betikotu eta aterabide demokratikoa ekarriko duen eszenatoki demokratikoa ekiditeko».

Nolanahi ere, EPPK-k «Euskal Herriaren askatasunaren aldeko bidean tinko» jarraituko duela azpimarratu du. «Gure herriaren aitortza eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidean, lurraldetasuna eta autodeterminazioaren aitortzaren bidean gogor eta tinko jardungo dugu. Horiekdira hain zuzen ere gure herrian amnistia eta bakea, justizian oinarritutako bakea, eraikitzeko ezinbesteko premisak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.