Harremanetarako Nazioarteko Taldeak (HNT) Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekari taldearekin atzo Bilbon egindako bileran, bake prozesuaren "blokeoa" galdintzeko formulez hitz egin dute, eta bi taldeek nabarmendu herritar guztien inplikazioa beharrezkoa dela.
EPPK-ko bitartekaritzak Foro Sozialaren garrantzia goraipatu du, eta espetxe politikaren egungo egoera ere sakon aztertu. Horren harira, sakabanaketa "oztopoa" dela uste du, eta hori gainditzeko gizarte osoaren laguntza beharrezkoa dela.
Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideek "positibotzat jo" dute EPPK-k bake prozesuan orain arte egindako ibilbidea. EPPK-ko mintzakietzako kideekin espetxean biltzeko asmoa dute, eta hori egin ahal izateko egin beharreko eskaerak datozen egunetan egingo dituzte.
Harremanetarako Nazioarteko Taldearen helburu nagusia "Euskal Herrian normalizazio politikoa arindu, erraztu eta ahalbidetzea" da.
Foro Sozialaren ondorioak, datorren astelehenean Aieten
Martxoan egindako Foro Sozialaren ondorioen berri emango du Lokarrik datorren astelehenean, 11:00etan, Aieten. Lokarrik pentsatzen du euskal gatazkaren konponbide prozesua mantsotu egin dela azken hilabeteetan, sentsazio hori nagusitu dela euskal gizartean, eta "pazientziarik ez eta ezinegona" nabari dela gizartearen hainbat sektoretan, "ezker abertzalearen inguruetan bereziki". Egoera horri buelta emateko, eragile "guztiei" dei egin die "bide berriak" lantzera eta"pazientzia eta determinazioz" jokatzera.
Foro Sozialean bi gai landu dituzte bereziki: euskal presoen auzia eta ETAren desarmatzea. Lokarrik nabarmendu duenez, "desarmatzea, desegitea eta giza eskubideak bermatzea" ezinbestekotzat jo dituzte parte hartzaileek, batetik, eta, bestetik, "presoen itzulera eta iraganari aurre egiteko formulak" aztertu dituzte.