EPPKren adierazpena gutxiestea gaitzetsi du ezker abertzaleak

Niko Morenoren ustez, Gernikako Itunarekin bat dator EPPK-k kaleratu berri duen adierazpena

Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) joan zen larunbatean zabaldutako adierazpena gutxietsi egin dute EAJk, PSOEk eta PPk, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiaren iritzian. EPPK-k, barne eztabaidaren ondorioetan, amaitutzat eman zuen borroka armatuaren aroa, eta bere egin zituen Gernikako Adierazpena eta Aietekoa. Horren ostean hiru alderdi horiek eman zituzten erantzunak ezin dituela ulertu esan zuen Garitanok Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketan. Horregatik, uste du erantzun horiek adierazpena ezagutu aurretik prestatuta zeudela.

Berak amnistiarik ez duela eskatu argitu du Garitanok, baina gizarte normalizatua edukitzeko preso politikorik ez edukitzea beharrezkoa dela azaldu du, eta hori Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak ere badakiela.

Niko Moreno ezker abertzaleko kideak ere gisa bereko adierazpenak egin ditu. EPPKri immobilismoa ezin zaiola aurpegiratu nabarmendu du. Izan ere, haren iritzian, aurrerapausoak dira EPPKren eztabaidaren ondorioak, eta prozesurako «ekarpena» ere bai.

Gernikako Akordioko kideekin batera Galiziara egindako bidaian egin zituen adierazpen horiek Morenok, atzo. EPPK-k ere Gernikako Akordioa sinatu zuela ekarri zuen gogora, eta EPPK-k larunbatean esandakoa itun horretarako helburuak lortzeko bidean «ondo kokatuta» dagoela azpimarratu zuen. Xedea «normalizazioa eta bake egonkor eta iraunkor baterako prozesua» direla esan zuen, eta EPPKren adierazpena «aurrerapausoa» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.