EPPKren agiria «urrats garrantzitsua» dela dio Blancok

EPPK-k Gernikako Akordioarekin bat egitea «albiste ona» dela uste dute PPk ez gainerako alderdiek

Erredakzioa
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) Gernikako Akordioarekin bat egin izanak erreakzio soka luzea ekarri du. Espainiako Gobernuko eledun Jose Blancok esan du «urrats garrantzitsua» dela: «Gobernuak uste du gertaera berri baten aurrean gaudela, ETAko presoek lehen aldiz egin dutelako horrelako urrats bat, baina ez da behin betikoa, hau da, ez da ETAren desagerpena».Ildo beretik hitz egin dute Francisco Caamaño Justizia ministroak, Leire Pajin Osasun ministroak eta Manuel Chaves gobernuko presidenteordeak. «Albiste ona» dela nabarmendu dute.

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren presidentegaiak adierazi du «aurrerapausoa» dela, eta ETAren amaiera hurbiltzen duela. «Amaiera atzo baino gertuago dago gaur, eta hori gogoratzea merezi du».

Baikor mintzatu da Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua ere. «Albiste ona da, eta ETAren amaierarako bidean aurrerapauso garrantzitsua da». Hala ere, behin betiko pausoaETAk eman behar duela gogoratu du Herrizaingo sailburuak.

Oso bestelako iritzia agertu du Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak: «Demokratok ezin dugu ontzat jo ETAren desagerpena ez den erabakirik». Presoei «propaganda» egiteari uzteko eskatu du Basagoitik, eta gizartearen «benetako arazoak» konpontzeko.

EAJko presidente Iñigo Urkulluk azpimarratu du EPPKren adierazpenak «are eta atzeraezinagoa» bihurtzen duela ETAren bukaera. Hala, Espainiako Gobernuari «ausarta» izateko eskatu dio, «biolentziarik gabeko arorako ateak irekitzen ari baitzaizkio».

Bilduren ustez, berriz, «ekarpen positiboa» da Euskal Herrian hasitako bake eta normalizazio prozesuan. EPPKren agiriarekin Espainiako Estatuaren immobilismoa amaitzea lortuko dela uste du Bilduk. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere «baikor» agertu da, eta esan du badela garaia Espainiako Gobernuak urratsak egiten hasteko.

Aralarrek ere pozik hartu du agiria: «Urrats kualititatibo handia da, bake prozesuak atzera bueltarik ez duela adierazten duelako». Ezker Batuarentzat, bestalde, «erabaki historikoa»da EPPK-k hartutakoa, «ETAren bukaeraren atarikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.