Aurreko astean EPPKren bitartekari taldearen kontra eginiko polizia operazioa salatzeko legez besteko proposamen bat eztabaidatzen ari dira Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk eskatuta. Testuak dio, besteak beste, operazioak ez duela oinarri juridikorik eta atxilotutako pertsonek lan egin dutela normalizazio politikoaren alde, modu garden eta publikoan. Era berean, legebiltzarrari galdegin dio "gutxiengo demokratikoak ezartzearen alde" agertzeko.
Atzo, bestalde, hainbat bilkura egin ziren atxilotuen herrietan. Burlatan (Nafarroa), Mikel Almandozen hainbat herrikidek atxiloketa salatzeko agerraldia egin zuten Euskal Herria Peñan.
Eragileak, kezkatuta
Bilboko manifestazioan parte hartu zuten eragileak kezkatuta eta harrituta azaldu dira EPPKren bitartekari taldeko zortzi kideak espetxeratzeko Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak emandako argudioekin. Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak ez du ulertzen zergatik espetxeratu dituzten, eta gogoratu du taldeak bere burua jendaurrean aurkeztu zuela. Epailearen argudioak aztertu ostean ETAko kide direla esatea "harrigarria" iruditzen zaio Egibarri.
Era berean, EAJko bozeramaileak "arduragabekeria" leporatu dio Espainiako Gobernuari, gisa horretako polizia operazioak aginduz azken bi urteetan ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen ari delako. "Badaki ETAk armak uzteko hartutako erabakia behin betikoa dela eta ez du erabakietan arriskatu nahi. Hori arduragabe jokatzea da". Egibarrek azaldu du Bilboko manifestazio jendetsuan parte hartu zuten herritarrek "mezu zuzen bat" helarazi ziotela Madrilgo gobernuari eta baita «bultzada politikoek eraginda» mugitzen diren epaileei ere: "Stop esan zaie. Bide horretatik ez jarraitzeko".
Atxiloketekin lotuta ere, Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen diputatuak Barne Ministroaren agerraldia eskatuko zuen atzokoan ere, aurreko astean idatziz egin bezala. EPPK-ko bitartekariak atxilotuak espetxeratzeko emandako argudio "ahulak" irakurrita, uste du atxiloketak "tokiz kanpo" daudela.
Amaiurreko diputatuek ere "kezkagarritzat eta zentzugabekeriatzat» jo dute "bakearen eta normalizazio prozesuaren alde lan egiten duten pertsonak atxilotzea". Era berean, salatu dute operazio horretan Iñaki Goioaga senatariaren bulegoa "irregularki" miatu zutela eta uste dute "delitu zantzuak" daudela; neurri juridikoak aztertzen ari dira hori salatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere hitz egin du aurreko asteko gertakariei buruz. Euskal Herria "beste garai politiko batean" dagoela esan du, eta azpimarratu du herritarrek gatazkaren konponbidea nahi dutela eta hori irudikatu zutela larunbateko manifestazioan. Hori hala, "herritarren eskakizunei" kasu egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari.