Euskal Preso Politikoen Kolektiboak barne eztabaidaren emaitzen berri eman du asteburuan. EPPK-ko kideen %73k onetsi dute ildo berria, eta, horrela, ontzat jo dute legedia modu zabalean jorratzea, "herriari atxikita".
Gaia hizketagai izan dute Foro Sozialak eta Nafarroako Legebiltzarreko lehendakariak egin duten batzarrean. Foro Sozialaren ordezkariek Aznarezi adierazi diote "erabakia ibilbide orriari egindako ekarpen kualitatibo garrantzitsua" dela; kuantitatiboki ere balioa eman diote, "erabakia kideen gehiengo zabalaren babesarekin hartu baita". Emaitzaren ondorioz, "kolektiboak hartuko dituen iniziatibak bat datoz gizarte zibilak egiten dituen eskaerekin", Foro Sozialaren iritziz.
Halaber, nabarmendu dute prozesu osoa "gardena" izan dela eta alderdien artean "orain arte ezezaguna zen adostasun maila" eragin duela: "Aldeko giroa sortu da. Handira jokatzeko garaia da. Joan den astean ikusi genuen akordio eta elkarrizketa giroan sakondu behar dugu". Helburua "garbia" da, Foro Sozialarentzat: "Ibilbide orria definitzea, zentzuzko epeetan eta bide egingarrietatik presoak itzultzeko estrategia diseinatuko duena. Denok egin behar diegu ekarpena elkarbizitzari eta errekontziliazio prozesuari. Baita preso dauden pertsonek ere".
Zoido: "ETA desegin arte, ez da meniarik egongo ezein terroristarekin"
Presoen eztabaidaren inguruko balorazioa egin du Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak. Ohartarazi du euskal presoek ez dutela "gainerako presoek baino mesede gehiago, ez gutxiago" eta aurrerantzean ere horrela jarraituko dutela. Efe agentziak eginiko elkarrizketa batean, egungo espetxe politikari eusteko asmoa adierazi du Zoidok, iritzita ez duela "ezein presoren eskubiderik urratzen".
Espetxe politikaren moldaketa ETAren balizko desegitearekin lotu du: "Jakin dezala gizarte osoak eta, noski, terrorismoaren biktimek, gobernuak ez duela politika antiterrorista fitsik ere aldatuko. ETA desegin arte, ez da meniarik egongo ezein terroristarekin".
Hain zuzen, ETA desegiteko aukeraz idatzi du gaur Deia egunkariak. Kazetaren arabera, urte eta erdiko epean erabat desegin liteke erakundea, eta litekeena da urte amaiera baino lehen azkartzea prozesu hori.