Egungo marko politikoa gainditu eta beste bat sortzeko proposamena egin dio EH Bilduk EAJri, hain zuzen ere, erabakitzeko eskubidea barne hartuko duena. "Ez dugu amore ematen: pentsatu nahi dugu, oraindik ere, 75 legebiltzarkidetatik 48 gaudela erabakitzeko eskubidearen alde", adierazi du Asier Harraiz legebiltzarkide eta Sortuko presidenteak. Hilaren 27an egingo dute autogobernuari buruzko batzarra, EAJ eta PSE-EEren babesarekin —dena den, gainontzeko alderdiak ere han izango dira—.
Batzarraren testua sozialistekin adostu izana kritkatu du EH Bilduk. Biek onartutakoa "agortuta" dago, ez duelako Euskal Herriaren ahalmenak garatzen uzten. Gainera, sozialisten aurretik, EAJk EH Bildurekin zuen adostua testua: horren arabera, autogobernua eguneratzeko "muga bakarra" Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dagoen "Euskal Herriaren borondate politikoa" litzateke. EAJri dei egin dio, beraz, lehengora bueltatzeko. "Erabakitzeko eskubiderik gabe, ezingo dugu estatus berri batez hitz egin, estatus zahar zaharberritu batez baizik, eta EH Bilduk ez du parte hartuko bidaia horretan".
Laura Mintegik batzar horretan alderdi guztiak egotearen garrantzia azpimarratu du, arazoak konpontzeko bidea elkarrizketa politikoak markatuko baitu, "baita bake eta elkarbizitza gaietan ere".
Akordiorik "zabalenaren" bila
Joseba Egibar EAJren legebiltzarreko bozeramailearen arabera, ezker abertzaleak "orain" egin du bere erabakitzeko eskubidea, lehen "ETAren estrategia politiko-militarrak" baldintzatzen baitzuen, "independentzia eta sozialismoa" erreferentziekin. "ETAk argia itzali duenean, ilunpean gelditu da ezker abertzalea".
EH Bildurekin Euskal Herria subjektu politiko gisa definitu ahal izateko akordioa lor zezakeela dio Egibarrek, baina, edonola ere, jeltzaleek "akordiorik zabalena" bilatuko dutela batzarrean.
Sozialisten aurretik EH Bildurekin zuten akordioari dagokionez, Egibarrek dio koalizioak "akats politikoa" egin zuela "helmuga" izan zitekeena "abiapuntu" gisa jartzen saiatzeagatik.