Erabakitzeko eskubidea eta lurraldetasuna jarri dituzte aurtengo Aberri Egunerako ardatz gisa Sortuk, EAk, Aralarrek, ABk eta Alternatibak, Euskal Herriko nahiz nazioarteko “testuinguru esanguratsua” gogora ekarrita. Irungo Ficoban aurkeztu zuten beren gogoeta hilaren 8an, ekitaldietarako deia eginez: gaur Larresoron, 17:00etan, Herriko Salan; eta bihar, Iruñean. Gatazkaren ondorioak konpontzeko hasitako bidea aintzat hartuta, “benetako zoru demokratikoa” aldarrikatu zuten, prozesua bermatzeko.
300 bat lagun elkartu dira Larresoroko ekitaldian, eta bertan izan dira, besteak beste, Sortuko Hasier Arraiz, Rufi Etxeberria eta Xabi Larralde, Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailea, Rebeka Ubera Aralarreko koordinatzaileordea eta Martin Elexpuru idazlea.
Anita Lopepek eta Rebeka Uberak hartu dute hitza: "Borondate arrotzen gainetik, geroa eranakitzeko eskubidea" defendatu dute. Euskal Herriak estatu bihurtzeko "borondate irmoa" duela nabermendu dute: "Hori da abertzale ororen ildoa eta helburua".
Bakegintzaz ere jardun dute Larresoron. "Garailerik eta garaiturik gabeko bakea" aldarrikatu dute, eta justizia sozialean oinarritutako eredu ekonomikoa eraikitzearen alde agertu dira.
Igandean, Iruñera
EH Bildu koalizioa osatzen duten alderdiek bat egin dute Independentistak Sarearen deiarekin, eta Iruñean ospatuko dute Aberri Eguna. 12:00etan abiatuko da manifestazioa Golem zinema aretoetatik, Gehiengoaren nahia, Independentzia lelopean.