Gaur egingo balira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, erabakitzeko eskubidearen alde dauden indarrek baino ez lituzkete irabaziko legebiltzarkideak, EHUren azken Euskobarometroaren arabera.
EAJk 29 aulki lortuko lituzke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (2012ko udazkenetik, +2), EHk Bilduk 22 (+1), PSE-EEk hamabi (-4), PPk zazpi (-3), Ezker Anitzak hiru (+3), UPDk bat (=), eta Podemos indar berriak bat. Ondorioz, 75 legebiltzarkideetatik 55 (%73,33) erabakitzeko eskubidearen aldekoak lirateke (EAJ, EH Bildu, Ezker Anitza eta Podemosekoak), eta aurkakoak, hogei (%26,66).
EHUk apirilaren 30etik maiatzaren 19ra artean egin zuen inkesta, Europako Parlamenturako hauteskundeak baino pixka bat lehenago —maiatzaren 25ean izan ziren—. 600 elkarrizketa egin zituen.
EAJk botoen %34,2ko babesa jasoko luke; 350.000 boto inguru. EH Bilduk %23,9, 250.000 boto. PSEk %16,5, 160.000 boto. PPk %8,1, 100.000 boto. Ezker Anitzak %6,4, 65.000 boto. Podemosek %4,8, 50.000 boto. UPDk %2,2, 30.000 boto.
Parte hartzea %60koa litzateke.