POLITIKA

Erabakitzeko eskubidearen aurrean "begiak irekitzeko" eskatuko dio Amaiurrek Espainiari

Koalizio abertzaleak, Kataluniako ERC eta Galiziako BNGrekin batera, autodeterminazio eskubidearen aldeko legez besteko proposamen bat defendatuko du bihar Espainiako Kongresuan. "Estaturik gabeko hiru nazioek libreki jarduteko tresnak bilatu ditzan proposatuko diogu", esan du Xabier Mikel Errekondok.

Iñarritu, Errekondo eta Larreina. AMAIUR
2013ko urriaren 7a
16:00
Entzun

Agerraldi bat egin dute Bilbon Amaiurreko diputatu Jon Iñarrituk, Xabier Mikel Errekondok eta Rafa Larreinak, bihar Espainiako Kongresuan koalizioak, ERCk eta BNGk defendatuko duten legez besteko proposamenaren nondik norakoak azaltzeko. Espainiak konstituzioa "behin eta berriz" muga gisa jarri duela gogorarazi dute, eta defendatu nazioarteko hitzarmenen sinadurak eta "printzipio demokratikoan" oinarrituriko "interpretazio desberdin" batek ahalbidetuko lukeela erabakitzeko eskubidea.

Itxaropenik ez dutela azaldu dute: "Borondate demokratiko da behar dena. Eta hain zuzen, hori da espainiar estatuaren defizit demokratikorik handiena". Hala ere, Espainiaren jarrerak jarrera, burujabetzarantz urratsak egiteko prest azaldu dira: "Guk geuk, gure herriak bere bide propioa egingo du (hasiak gara egiten) bide hori autopista zabal eta artez bat bihurtu arte. Jarrera demokratiko, gizabidezko eta alde bakarreko horrek eramango gaitu askatasunerantz".

Proposamenean, Nazio Batuen Erakundeko autodeterminazio eskubidea eta Quebecen inguruan Kanadako Gorte Gorenak ezarritako irizpideak hartzen ditu aipagai. Erabakitzeko eskubidearen gauzatzea "errespetatu" eta eskubidea bera Espainiako araudian txertatzeko eskatuko dio Espainiako Gobernuari, eta prozesu horretan jarraitu beharreko irizpideak ere ezartzen ditu. Hori horrela, proposatuko dute balizko erreferendum batean gutxienez boto emaileen %50ek hartu behar dutela parte, eta horien erdiak baino gehiagok bozkatu behar dutela sezesioaren alde.

Eskubidea gauzatuta, sezesio prozesuan eman beharreko pausoak ere zehaztu dituzte bihar aurkeztuko duten proposamenean. Trantsizio epe horretan negoziazio bat egon behar dela diote, eta, "eraginkortasuna" bermatzeko, trantsizioa "progresiboa eta ez traumatikoa" izan behar da. Iritzi diote tarte horretan Espainiak estatu berriaren nazioarteko aitorpena sustatu behar duela eta, hala ez egitekotan, bi aldeek NBEren bitartekaritza eskatzeko aukera izan behar dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.