Amaiurrek eta ERCk autodeterminazio eskubidearen aldeko lantaldea sortu dute, eta bertan parte hartzera gonbidatuko dituzte Espainiako Estatuko "indar demokratikoak eta subiranistak, erabakitzeko eskubide demokratikoa arautuko duen lege proiektuaren zirriborroari beren ekarpenak egin ahal izateko".
Hala diote Xabier Mikel Errekondo, Jon Iñarritu eta Rafa Larreina Amaiurreko diputatuek BERRIAn argitaratu duten iritzi artikulu batean. "Uste dugu, herritarrek hala erabakiz gero, Euskal Herria XXI. mendeko Europan estatu gisa eratzeko unea iritsi dela. Horregatik, eta irizpide demokratikoan oinarrituta, ibilbide logikoa eta demokratikoa proposatuko dugu, Espainiako Estatuaren barruan dauden nazioek independentziarako aukera izatea arau batean jasotzeko".
Gaur goizean aurkeztu dute ekimena Amaiurrek eta ERCk Madrilen, Kongresuan, prentsaurreko batean. Alfred Bosch-ek (ERC) eta Iñarrituk hartu dute hitza.
"Hautestontziek agindu behar dute eta herri borondateak erabaki behar du esparru politikoa, eta ez beste ezerk", adierazi du Boschek. "Gure proposamena, batez ere, demokratikoa da".
Konstituzioko 8.1 artikulua
"30 urte joan dira indar demokratiko eta subiranistek autodeterminazio eskubidea 1978ko Espainiako Konstituzioan jasoa egotea eskatu zutenetik. Baina, Konstituzioaren gurasoek, frankismotik zetozen indar bizien presioak jaso ostean —batez ere armadarena—, eskubide hori ez jasotzea erabaki zuten. Gainera, 8.1 artikuluaren bitartez oharra eta mehatxua egiten zaie balizko sezesio tentazioei: Espainiako batasunaren bermea Espainiako armada da manu militari", diote Errekondok-eta BERRIAko iritzi artikuluan.
"Hamarkadotan, Legebiltzarrak zein Kataluniako Parlamentuak autodeterminazio eskubidearen aldeko hainbat adierazpen onartu dituzte. Estatuak, ordea, ez du aldatzen bere jarrera, eta kutsu subiranista izan dezakeen edozeren aurka egin du, zeukan babes demokratikoari begiratu ere egin gabe".