Euskal Herrian izan da Maragall, eta aurrena Gasteizko hotel batean batzartu da Patxi Lopez PSEko idazkari nagusi eta alderdikidearekin, goizeko lehen orduan. Geroago, Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak Ajuria Enean hartu du.
Bi batzarren ondoren agerraldia egin du Maragallek Ajuria Enean bertan, eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen inguruan Ibarretxek eta Lopezek "planteamendu berdintsuak" helarazi dizkiotela esan du."Oso garrantzitsua iruditzen zait Eusko Jarularitzak eta oposizioko alderdi nagusia arlo horretan akordio batera iristea, eta, beraz, Espainian derrigorrean entzun beharko duten planteamentu bateratua aurkeztu ahal izatea", nabarmendu du.
Lopezen erreakzioa segituan iritsi da, ordea: ukatu egin du erabakitzeko eskubidearen inguruan lehendakariak egiten duen proposamenetik hurbil dagoela, eta Maragallek "gaizki ulertu" diola agertu du. PSEko idazkari nagusiaren arabera, Jaurlaritzarekin "planteamendu berdintsuak" izatera iritsi nahiko lukeela esan dio Generalitateko presidenteari, eta ez dagoeneko hala denik. Halaber, "planteamendu berdintasuna" izateko gogoa ez diola erabakitzeko eskubidearen inguruan adierazi zehaztu du, baizik eta "desberdinen arteko hitzarmen bat iristeko".
Maragallekin telefonoz mintzatu dela erantsi du Lopezek, eta dagoeneko argitu dutela "gaizki ulertua".
Politika
Erabakitzeko eskubideari buruz duen iritzia Maragallek "gaizki ulertu" diola argitu du Patxi Lopezek
Gaur goizean Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiarekin eta Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariarekin batzartu ondoren, biek erabakitzeko eskubideari buruzko "planteamendu berdintsuak" dituztela esan du Pasqual Maragall Kataluniako Gobernuko presidente eta Lopezen alderdikideak. Handik lasterrera Lopezek ukatu egin du jarrera hurbiltasun hori dagoela: Maragallek "gaizki ulertu" diola argitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu