EH Bilduren proposamena babestu dute gaur Parlamentuko Eledunen Batzordean Geroa Baik, Ahal Duguk eta Ezkerrak. PPk eta UPNk kontra bozkatu dute eta PSN abstenitu da. Osoko bilkura bereziak ez du oraindik datarik, baina urriaren amaieran edo azaroaren hasieran izan daiteke.
Adolfo Araizek, EH Bilduko eledunak, arrazoitu du herritarrek denbora daramatela egungo demokrazia eredua gainditzeko eskatuz. "Parte hartzearen lege berri bat behar da, akordio programatikoan jasota dagoen bezala". Araizek "ezinbestekotzat" jo du herritarrek arlo sozial, ekonomikoan eta politikoan erabakitzeko eskubideari eta parte hartzeari buruzko eztabaida sustatzea. EAE eta Nafarroaren arteko bat-egiterik proposatuko ote duen galdetuta, Araizek aipatu du koalizioak proposatzen duela Nafarroak, "subjektu politiko gisa, erabakitzeko eskubidea" duela.
Geroa Baiko Koldo Martinezek aipatu du ostiralean aldaketaren aldeko lau alderdiek egindako bilera batean hitzartu zutela proposamena babestea. Martinezek argi utzi du Nafarroaren nortasuna "bere aniztasunean" datzala. Ahal Duguko Tere Saezek defenditu du erabakitzeko eskubide "zerbait demokratikoa" dela eta euren programa politikoan jasota datorrela.
UPN: "Argi hitz egin dezatela"
UPNko Jose Javier Esparza oso kritiko azaldu da. Bere ustez, proposamena defenditzen dutenek "argi" hitz egin beharko lukete eta "esan autodeterminazio eskubideari buruzko osoko bilkura" izango dela. "Nafarroa Kataluniaren bidetik joatea nahi dute", gaineratu du.
PSN abstenitu egin den arren, Maria Txibite eleduna kritiko azaldu da, eztabaida horrek "ez baitu zerikusirik kaleko jendearekin kezkekin". Bere ustez, "gezurrezko eztabaida da". Dena den, Txibitek azaldu du eztabaida politikoari ez diotela ezezkorik eman nahi: "Nahiz eta jendearen lehentasuna ez izan, eztabaidari ez diogu uko egingo".
PPko Ana Beltranek, bere aldetik, ildo beretik jo du eta esan du uneotan "garrantzia handiagoko gaiak" badirela. Era berean, "ulertezina" deritzo PSNren jarrera. "Berriro erakutsi du ez dituela ideiak argi gai oinarrizko eta funtsezkoen aurrean".