POLITIKA

"Erabateko legeztatzea ikasturte berriarekin uztartu beharra dago", Eleak-en iritziz

Eleak mugimenduak Donostian abuztuaren 13rako antolatutako manifestazioak 'Euskal Herria libre eta legala. Eskubide guztiak guztiontzat' leloa izango du, eta Sortu legeztatzeko eskatuko du.

2011ko abuztuaren 4a
17:35
Entzun

Eleak mugimenduak Donostian abuztuaren 13rako deitutako manifestazioa 17:00etan abiatuko da, La Perlatik, eta Okendo plazaraino joango da, Euskal Herria libre eta legala. Eskubide guztiak guztiontzat  lelopean. Hasiera batean Bulebarretik abiatzeko asmoa zuten, baina Herrizaingo Sailak La Perlatik ateratzeko esan die. Euskal herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko ari da lanean mugimendua, eta eskubide horiek Sortu ezker abertzaleko alderdiaren legeztatzearekin gauzatzea espero du. "Ikasturte hasierarekin erabateko legeztatzea uztartu beharra dago", esan du gaur Eleak-ek prentsaurrekoan.

Elkarbizitza eta errespetua dira mugimenduaren ardatzak, eta bide horretan ezinbesteko ikusten du "erabateko legeztatzea, epaiketa politikoak amaitzea eta epaitutako pertsonak absolbitzea". Euren aldarrikapenen artean daude "errepresioa amaitzea eta espetxe politika aldatzea" ere.

Biktimen eztabaidan ere badu zer esana Eleak mugimenduak, eta argi utzi du gatazkaren ondorioz samina jasan duten pertsonen sufrimendua aitortzea garrantzitsua izanik, are bidezkoagoa dela inor bazterrean ahaztuta ez uztea.

Gaurko agerraldian izan dira, besteak beste, Joxean Agirre soziologoa, Ainhoa Aznarez PSNko kidea, Ainhoa Mujika gaztea, Jesus Uzkudun CCOOkoa, Mikel Izagirre EBkoa eta Xabier Isasi Gaindegiako kidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.