Iruñean eskainitako prentsaurrekoan Idoia Mujikak eta Nagore Lopez de Luzuriagak eragile denei, komunikabideei barne, erantzukizunez jokatzera dei egin die, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia “giza eskubide guztien aldeko aurrerapauso bat izan dadin” eta denek desiratutako “bake iraunkor horretara hurbiltzeko”.
Astelehenean Estrasburgoko epaia “urduritasunez” itxaron ostean, hainbat pentsamendu nahastu zirela onartu dute Mujikak eta Lopez de Luzuriagak: “Alde batetik, tripan sentitzen genuen korapilo hura askatzea hasi zen, poza eta itxaropena sentitzen hasi ginen aspaldiko partez. Baina beste alde batetik, poztasun neurtua izan zen”. Izan ere, gogora ekarri dute inork ezingo dizkiela itzuli “bidegabe ostutako urte horiek guztiak”.
Ines del Rio aske geratu ostea, zigorra bete eta 197/2006 doktrina ezarri zaien beste 55 preso direla gogorarazi dute. “Ez dakigu zein izango den erabiliko duten ingeniaritza, pasatzen den minutu bakoitzak urraketa horietan sakontzen du”.
Kezkatuta azaldu dira ere azken egunetan komunikabideetan eta agintari politiko batzuen ahotan entzun diren “astakeria itzelengatik”. Zigorra osotasunean bete eta horri urteak gehitzeak “nahikoa izango ez balitz bezala”. “Nora garamatza mendeku terminoetan planteatzen ari den mezu mediatiko bezain gogor hori? Zein interes egon daiteke mina infinitora luzatze nahi horren atzean”.
Biktimen mina ulertzen al dute galdetu diete kazetariek: “Nik ulertzen dezaket bakoitzak bere mina eta sufrimendua izatea, eta mundu guztiak du hori sentitzeko eskubidea. Ezin dezaket ulertu min hori arintzeko zuzenbidearen aurkako neurri bat hartzea, beste pertsona batzuen giza eskubideak urratuz. Ezin dezaket ulertu ere min hori arma gisa erabili nahi izatea oinarrizko eskubideak urratzeko”.