ETAren su-etenaren ondoren bake bidea sendoago dagoela uste du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak, nazioarteko bitartekarien esku-hartzeari atea ireki diolako besteak beste.
Astelehenean ezker abertzaleak alderdi berriaren estatutuak aurkeztuko ditu. Gonbidapena jaso duzu?
Bai.
Joango zara?
Bai, bai.
Posible ikusten duzu alderdi berri horren legeztatzea?
Kezkak dauzkat. Argi dago lehendabizi erabaki politikoa egongo dela. Epaitegiek erabaki bat hartzeko, lehenik eta behin, proposamena iritsi behar zaie, eta proposamena edo Fiskaltzak edo Estatuaren abokatuak eraman behar du, eta horiek badaude gobernuaren menpe. Gure gogoeta oso sinplea da: ezker abertzalea legez kanporatzeko zioa zen ez zuela betetzen Alderdien Legea; horrek esan nahi du Alderdien Legea betetzen badu automatikoki ilegalizazio hori kendu beharko litzatekeela. Baina behin eta berriz ari gara entzuten ez dela nahiko izango, ad hoc neurriak hartuz. Alde juridikoan ere entzuten dira zenbait gauza: ezker abertzalean edo ETAn eszisio bat gertatzen ez den bitartean ez dela borondaterik ikusiko. Nik legeztatzea nahi dut, baina ez dakit. Erabaki politikoak pentsarazten du ez dela posible izango.
Hainbat eragile gonbidatu dituzte. Presentzia horrek balioren bat izango du, mezuren bat?
Bai. Gu zer planteatzen den ikustera joango gara, baina ez dakit EAk zenbat aldiz esan duen prozesu horren aldekoa dela eta legeztatzearen aldeko dela. Argi izan dezagun: hau ez da soilik ezker abertzalearen kontu bat. Legez kanpo uzteak, lehenik eta behin, ezker abertzalea hauteskundeetara ez dela aurkeztuko dakar; bigarrena, gizartearen zati batek ezin duela bozkatu berak nahi duena, eta, hirugarrena, emaitzak igual ez direla izango izan beharrekoak. Eta horrela heldu da Patxi Lopez Ajuria Enera. Prozesu hori errepikatzeko tentazioa badago.
Laster hilabete beteko da ETAk su-eten iraunkor eta orokorra eman zuenetik. Harrezkeroztik sendoago dago bake bidea?
Bai, niretzat, bai. Bake bidea da eta urrats gehiago egin beharko dira. Guk garrantzi handia ematen diogu, nazioarteko bitartekari horiek lanean hasteko aukera izango dutelako. Jakin badakigu bitartekari horiek ez direla Espainiako Gobernuaren gustuko, eta, heldu zaigun informazioen arabera, diru iturri ekonomiko batzuk galdu dituzte Espainiaren presioengatik. Gobernukoek ikusten dutelan bat egin dezaketela, eta lan hori izan daitekeela, alde batetik, ETAk egin beharreko bukaerarako bidaia hori ziurtatzea eta bukaerara arte eramatea eta, bestetik, Euskal Herrian daukagun benetako egoera azalaraztea nazioartean, eta hori ez zaio interesatzen Espainiako Gobernuari.
Harreman Taldearen zein ekimen espero duzu?
Lehenengo, pertsona horiek zein diren jakinaraziko dute. Pisuzkoak direla suposatzen dut. Eragina izango dute hainbat arlotan eta beren jaioterrietan. Europan, zorionez, Espainian ez dagoen beste kultura demokratiko bat dago eta gauzak argitzen diren heinean Europan Euskal Herriari buruz dagoen ikuspegia aldatzen joan daiteke, eta hori positiboa izango da prozesurako.
Alderdien eremuan, zein urrats ari zarete lantzen bake bidea indartu eta sendotzeko?
Bat, oso argia izango dena. Gernikako Akordioaren sinatzaile gisa urtarrilaren 22an Kursaalean egin behar genuen ekitaldia otsailera atzeratu da, Iruñean izan ziren atxiloketak zirela eta. Alderdi, sindikatu eta eragile gehiago batzeko intentzioarekin antolatu zen. Egingo dugun ekitaldian argi geldituko da badaudela beste eragile politiko eta sindikal batzuk sartzeko prest, eta aurreneko unean duda batzuk zituztenak oraingoan sartuko direla eta sinatuko dutela. Zenbat eta gehiago izan, aberasgarriagoa izango da, eta lagunduko digu gizartea bat etor dadin planteatzen diren helburuekin eta gizarteak parte har dezan. Helburu nagusia hori da: gizarteak parte hartzea, bat egitea helburu horiekin. Gizartea ere bat sentitzen denean, hor ez dago atzera bueltarik.
«Eragile gehiagok sinatuko dute Gernikako ituna»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu