Atxikimendua eta konpromisoa. Egin Dezagun Bidea taldeak presoen Euskal Herriratzearen alde antolatutako manifestazioari atxikimendua agertu diote hainbat eragile politiko eta sozialek. Halaber, presoen eskubideen aldeko konpromisoa erakutsiz, baraualdia egingo dute abenduaren 12tik 18ra, espetxe politika berehala aldatzea eskatzeko. Atxikimendua adierazi eta baraualdia egingo duten eragileak honako hauek dira: ezker abertzalea, Aralar, Alternatiba, LAB, Eilas, ESK, EHNE, Hiru, Gazte Abertzaleak, Gazte Independentistak, EGK, Ikasle Abertzaleak, ESAIT, Bai Euskal Herriari, Euskal Herriak Bere Eskola, Iratzarri, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Etxerat eta Askapena. Eragile horien ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Donostian, egitasmoaren berri emateko. Bertan, besteak beste, Maribi Ugarteburu, Niko Moreno, Jabi Garnika, Mattin Troitiño, Estitxu Ugarte, Martxel Toledo eta Fran Balda izan ziren.
Baraualdia Donostiako Ibaetako campusean egingo da, 24 orduko txanden bidez. Lehen txanda abenduaren 12an egingo dute sindikatuek. Abenduaren 13an, gazte eragile eta elkarteek hartuko dute lekukoa; 14an, ikasle eta irakasleek; 15ean, mugimendu feministako kideek; 16an, alderdi politikoetako eta instituzioetako ordezkariek, eta 17an, mugimendu sozialetako eta herri mugimenduko partaideek.
Deia herritarrei
Baraualdia 18ko eguerdian amaituko da, Donostiako Bulebarrean egingo den elkarretaratzearekin. Herritarrei egitasmoan parte hartzeko gonbita egin zioten deitzaileek. «Herritarrei dei egin diegu baraualdi honetan arloka parte har dezaten: asteleheneanenpresetako langileek zein langabeek; asteazkenean, ikastetxe eta unibertsitateetako irakasle, langile eta ikasleek; eta ostiralean, instituzioetako ordezkariek zein langileek». Elkarretaratzean parte hartzeko deia ere egin zuten.
Agerraldian parte hartu zuten eragileek bat egin zuten urtarrilaren 7ko manifestazioaren manifestuarekin. Besteak beste, presoak Euskal Herriratzeko, 197/06 doktrina bertan behera uzteko, bizi guztiko zigorra bertan behera uzteko eta zigorraren hiru laurdenak beteta daukaten presoak kaleratzeko eskatu zuten.
Eragile politiko eta sozialek baraualdia egingo dute presoen eskubideen alde
Urtarrilaren 7an Bilbon izango den manifestazioari atxikimendua agertu diote hainbat eragilek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu