konpoNBIDEARI BEGIRA

Eragile politikoen arteko elkarrizketa sustatzeko konpromisoa azaldu dute Iparraldeko hautetsiek

Aieteko konferentzian eta Baionako Foroan izan diren Iparraldeko hautetsiek adierazpen komun bat egin dute, Aieteko manifestuaren laugarren puntua abiatzeko engaiamendua azalduz. Jakes Bortayrou, Max Brisson, Frederique Espagnac, Jean-Jacques Lasserre, Michel Larralde, Xabi Larralde, Jean Lissar, Kotte Ecenarro eta Jean Rene Etxegaraik izenpetu dute agiria. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1646/[/Berriatb]

jon olano
2012ko abenduaren 15a
20:37
Entzun

"Eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako". Hala dio Aieteko adierapenaren laugarren puntuak, eta horixe abiatzeko "engaiamendua" azaldu dute Baionako Foroan izan diren Iparraldeko parte hartzaileek. Beharrezkotzat jo dute ETAren eta Espainiako eta Frantziako gobernuen arteko elkarrizketa, eta baita gatazkaren biktima guztiak aitortzea ere.

Bakearen Aldeko Foroa egin dute gaur egun osoan zehar Baionan, unibertsitatean. Han izan dira, besteak beste, iazko urriaren 17an Donostiako Aieteko bilkuran parte hartu zuten Ipar Euskal Herriko eragile politikoak, HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide batzuk, Frantzian giza eskubideen arloan diharduten eragileak eta beste ordezkari batzuk: Laura Mintegi EH Bilduko kidea, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea... Euskal gatazkaren konponbidea gizarteratzea ukanen du helburu topaketak.

Arratsaldeko bigarren eztabaidan dira Jakes Bortayrou Abertzaleen Batasuneko kidea, Max Brisson UMPko kontseilari nagusia, Frederique Espagnac PSko senataria, Jean Jaques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidentea, Michel Larralde CFDT sindikatuko Ipar Euskal Herriko idazkari nagusia, Xabi Larralde Batasuneko kidea eta Jean Lissar Europe Ecologie Berdeen bozeramailea. Xabi eta Michel ezik, gainontzekoak Aieteko konferentzian izan ziren iazko urrian. Horiek izenpetu dute Iparraldeko parte hartzaileen adierazpena, Kotte Ezenarro Paueko Kontseilu Nagusiko kidea eta Jean Rene Etxegarai MoDem alderdiko kidea gehituta.

PS kritikatuz hasi du hitzaldia Espagnacek, esanda bere burua gonbidatu behar izan zuela Aietera, PSk ez baitzuen ordezkaririk bidaltzeko asmorik. Frantziako Gobernua Aieten izateko eta Espainiako Gobernuaren jarrerari men egiteari uzteko beharra nabarmendu du. Xabi Larraldek, berriz, defendatu du Frantziak konponbidearen parte izan behar duela, besteak beste gatazka eragin izanaren parte delako: "Euskal gatazkak Iparraldean ez du izan Hegoaldean izan duen intentsitatea, baina horrek ez du esan nahi gatazkarik izan ez denik”.

Nazioarteko esperientziak, bake prozesuak eta presoak

Aieteko Adierazpenaren printzipioak izan dituzte aztergai Brian Currin, Ray Kendall, Andy Carl, Hans-Joachim Giessmann eta Jean Pierre Massiasek, arratsaldeko lehen mahai-inguruan. Ray Kendall Interpoleko ohorezko idazkari nagusi eta NHTko kideak hartu du hitza aurrena, eta ziurtzat jo du ETAren jardun armatuaren behin betiko amaiera. Salatu du Nazioarteko Harreman Taldeak ez duela harremanik izan Espainiarekin, eta hori oztopo bat izan dela hasieratik. ”Beti dago une bat erabaki politikoak hartzeko, eta Espainiak erabaki beharko du presoen auziari nola erantzun". Gogorarazi du Erresuma Batuak Espainiako Gobernuaren jarrera bera azaldu zuela Irlanda iparraldeko bake prozesuaren hasieran, baina gero konponbidearen alde jardun zuela.

Alemania ekialdeko esperientzia eraman du Baionara Hans-Joachim Giessmann Berghof Fundazioko zuzendari nagusiak; gauzak "patxadaz" egin behar direla nabarmendu du, arriskuak hartzeko  aproposa bilatzeko: ”Noiz arriskatu neurtu behar da. Luze joko du, baina gauzak patxadaz egin behar dira”.

Andy Carl Conciliation Resources-eko zuzendari nagusia Fidji irletan izan da, eta gobernu militar bat aldaketa prozesu batera bultzatzeko era aipatu du: ”Gizarte zibilaren irudimenaren boterea oso garrantzitsua da”. Carlen esanetan, "hiztegi berri bat" landu zuten gobernuarekin, besteak beste herritarrei galdetzeari buruz gogoetatuz.

Amnistiaren auzia "oso konplexua" dela nabarmendu du Brian Currin Hego Afrikako abokatu eta NHTko kideak, eta esan du bereizita landu behar direla bake prozesua eta amnistiaren gaia. Currinen hitzetan, Irlandan amnistiarik eman gabe urte gutxiren buruan preso gehienak askatzea lortu zuten, preso horiei baldintza batzuk ezarrita. "Horrek desblokeatu zuen egoera", gehitu du. Hala ere, Euskal Herrira etorrita, hau esan du: "Egoera honetan ez dago inolako justifikaziorik presoen sakabanaketarekin jarraitzeko".

ETAren ondoren, "berreraikuntza soziala"

Sarrera hitzaldian, Bake Bidea taldeko kide batek Aurore Martin Batasuneko kidearen egoera aipatu du —Frantziak duela hilabete eta erdi atxilotu, eta Espainiaratu egin zuen—; gero Jean Pierre Massias Zuzenbideko irakasleak Aieteko Konferentzia goretsi du. Haren arabera, bake prozesua aurrera egiten ari da — "ez du porrot egin"–, eta historiarako oso garai garrantzitsua izaten ari da.

ETAren indarkeriaren amaieraren ondoren "berreraikuntza soziala" dagoela azaldu du unibertsitate irakasleak, eta Aieteko bilkurak "muga gainditu" izana ere aipatu du, foroa Baionan egiten ari direla eta.

Iluntzean bukatuko da topaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.