Tortura

"Eragindako mina aitortzeko" eskatu diote Grande Marlaska ministroari

Torturaren Biktimen Nazioarteko Egunean agerraldia egin dute Grande Marlaska instrukzio epaile zelarik torturak salatutako zenbait herritarrek.

Amaia Izko abokatua, Grande-Marlaskaren aurrean torturak salatu zituztenetako batzuk atzean dituela. JUNE PRIETO, FOKU
gotzon hermosilla
2018ko ekainaren 26a
08:22
Entzun

Amaia Izko abokatuak esan duenez, herritar ugarik "izua, beldurra eta oinazea" sentitu zuten Fernado Grande Marlaska epailea Espainiako Barne ministro izendatu zutela jakitean. Izan ere, Grande Marlaskak instrukzio epaile ziharduela 223 atxilotuk torturak eta tratu txarrak salatu zituzten, eta horren aurrean "ez ikusiarena" egin zuen haien lekukotzak entzun zituenean edo "mespretxuz" hartu zituen testigantza horiek.

Izkok gogorarazi du 2004tik Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bederatzi aldiz zigortu duela Espainia torturak ez ikertzeagatik, eta bederatzi kasu horietatik seitan Grande Marlaska izan zela atxilotuen eskubideak bermatzeko erantzukizuna zuena. Tortura testigantza horien artean "kasu lazgarriak" daude, esaterako, Beatriz Etxeberriak salatutako bortxaketa, edo Igor Portu eta Mattin Sarasolarena —kasu horretan, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak tratu txarrengatik zigortu zuen Espainia—.

Izkok eskatu dio Grande Marlaskari "eragindako mina" aitor dezala, eta gogorarazi du kasu askotan atxiloaldian lorturiko deklarazio eta autoinkulpazioak izan direla herritarrak espetxera bidaltzeko erabilitako froga bakarra. Kasu horiek guztiak berriro aztertu behar direla esan du Izkok, eta erantsi: "Espainiako presidente Pedro Sanchezek eta Grande Marlaskak aukera paregabea dute justizia trantsizionala aplikatzen hasteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.