2014rako diru laguntzen berri eman du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak. Nabarmendu du euskararen erabilera sustatzeko balioko dutela laguntza horiek. Zehaztu du gazte askok eskolari "kateatuta" ikusten dutela euskara eta lotura hori zabaldu behar dela.
Bestalde, euskarazko hedabideen kasuan beste irizpide bat erabiltzen hasiko da Jaurlaritza. "Eraginkortasun sozialaren" printzipioa erabiliko du, diru laguntzak hedabideen artean nola banatu erabakitzeko.
Batetik, hedabide bakoitzak eremu bat izan ohi duenez, aintzat hartuko dituzte eremu horretako euskal hiztunak; bestetik, hedabide bakoitza eremu horretan zenbat jenderengana iristen den, "zenbateko onarpena duen". Horrela neurtuko dute "eraginkortasun soziala". Irizpide berri horrek diru laguntza jasotzeko puntuen erdien balioa izango du. Nolanahi ere, Baztarrikak zehaztu du kalitatea eta beste irizpide batzuk ere neurtuko dituztela.
Iaz diru laguntzetan emandako kopuruen antzekoak banatuko ditu Jaurlaritzak aurten ere. Deialdi berri bat bada, ordea: erdarazko agerkariek edizio digitaletan euskararen erabilera sustatzeko, 180.000 euroko funts bat sortuko dute aurten. PSE-EEren jaurlaritzak kendu zuen laguntza hori, orain bi urte.
Urteroko diru laguntzei dagokienez, 979.200 euro izango ditu euskalgintzako deialdiak. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak 1,3 milioi euro izango ditu aurten —lehentasuna emango diete eremu ez-formaletako proiektuei, besteak beste, aisia eta kirol jarduerei eta familia transmisioari—.
Euskarazko hedabideen diru laguntza 4.875.000 euro izango da, iazkoaren antzekoa. "Eraginkortasun printzipioaren" arabera, eremu jakin batean irismen edo hedapen gehien dutenak sarituko dituzte, eta laguntza handiagoak emango dizkiete.
Horrez gain, euskaltegiei emango dieten laguntzaren berri ere eman du Baztarrikak. Zehaztu du sailburuordetzak ahalegin handia egiten duela helduak euskalduntzen; diru laguntzen %71 ematen dizkie eremu horiei. Zehazki, udal euskaltegiek 11.730.000 euro jasoko dituzte; euskaltegi homologatuek, 18.156.000 euro. Euskal etxeetan euskara irakasteko jardueretarako 210.000 emango dituzte.
Jaurlaritzak iaz berreskuratu zuen ikasmaila ofizialak eskuratzen dituzten euskaltegietako ikasleentzako laguntzak. 800.000 euro emango dizkiete aurten, iaz baino 100.000 gehiago.
Baztarrikak nabarmendu du bestelako diru laguntzak ere ematen dituela Sailburuordetzak, lankidetza hitzarmenen bidez. Guztira, 2,3 milioi emango dituzte hitzarmen horien bidez. Euskaltzaindiak, Topaguneak, EHUko Euskal Institutuak, EHUren Unesco katedrak, Eudelek, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Tokikomek, ONCEk, EIZIEk, Galtzagorrik, Mintzolak, Ricardo Arregi kazetaritza sariak, Euskal Kultur Erakundeak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak jasotzen dituzte laguntza horiek.
Diru laguntzen eta hitzarmenen bidez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 43.358.630 euro banatuko ditu aurten, euskararen erabilera normalizatzeko jardueretan.