Foruzainek «eraginkortasunez eta profesionaltasunez» jardun zuten, gaur zortzi, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasturte hasierako ekitaldian izandako protestetan. Horrela uste du Javier Morras Nafarroako Barne kontseilariak, eta gaineratu du berak zuzentzen duen departamentuak ez zuela ikasleei oldartzeko agindurik eman: «Foruzainek ez dute gobernuaren inolako agindurik behar euren lana eraginkortasunez betetzeko». Nafarroako Parlamentuan egin zituen Morrasek adierazpenok atzo, osoko bilkuran, Maiorga Ramirez Bilduko parlamentariak eginiko galdera bati erantzuteko. Ziurtatu zuen Foruzaingoak polizia «demokratiko eta autonomo» baten jokabidea izan zuela liskarrean. Polizien esku hartzea «oso txikia» izan zela uste du, eta ukatu egin du neurriz kanpokoa izan zela: «Foruzaingoa zoriondu nahi dut defendatzeko modurik gabe, borrarik eta ezkuturik gabe gonbidatuei bidea ireki zielako».
Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak ere defendatu du polizien jarrera. «Babes osoa» adierazi die «legearen barruan egiten diren ekintza guztiei». Esan du unibertsitateko komunitateak ontzat jo zuela foruzainen presentzia. Maiorga Ramirezek, ordea, uste du «justifikaezina» izan zela polizien oldarraldia.
«Eraginkortasunez» aritu ziren foruzainak NUPen, Javier Morrasen esanetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu