Eguerdia hasi aurreko minutuetan bukatu da Martin Ugalde kultur parkean, Andoainen (Gipuzkoa) bilkura. 2014ko kontuak —"irabazi txiki batekin amaitu zen urtea"– eta 2015eko kudeaketa plangintza aurkeztu zaizkie akziodunei. BERRIA egunkarian eta taldeak esku hartzen duen gainerako hedabide eta proiektuetan egin diren aldaketak eta berritasunak ere jakinarazi dira. Ez dira ezkutatu bidean azken hilabeteetan izan diren arazoak. "Iaz argi-izpi batekin etorri ginen", azaldu du Beatriz Zabalondo Berria Taldeko administrazio kontseiluko zuzendariak. "Aurten itxaropena itzalita etorri gara". Erreferentzia egin dio, era horretan, Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak banatzeko iaz egin zuen irizpide aldaketari, eta horrek BERRIA egunkariari egin dion kalteari.
Nolanahi ere, gainerako diru iturrietan bestelakoa da egoera; salmentan, publizitatean eta zerbitzuetan, aurrez egindako iragarpenak betetzen ari dira, eta igoera ere igartzen da zenbaitetan. Eta irakurleen datuak ere onak dira: "Sekula baino gehiago irakurtzen da BERRIA". Hortik lanean irmo jarraitzeko borondate argia: "Atzera bueltarik gabeko bidea da".
Administrazio kontseiluan aldaketa bat ere onartu da; Dabid Anautek utzi egin du kontseilari kargua, eta hark utzitako tokia Castillo Suarez idazleak beteko du. "Arduraz eta ilusioz" hartu du eginkizun berria.