Eraikuntza xedea salatu du CADEk, kutsadurarengatik

HPC etxeak egindako ikerketak dio Baionako Marines etorbideko 25. zenbakiko lurra kutsaturik dagoela

Kutsatutako lur batzuetan etxeak eraiki nahi dituzte. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
CADE elkarteak Kaufman&Broad enpresak egin nahi duen eraikuntza xedea salatu du, lurrak kutsaturik daudelako. Baionako Marines etorbideko 25. zenbakian daude lur horiek, eta Kaufman&Broad enpresak 237 apartamentu eraiki nahi ditu bertan. CADEk HPC Envirotec enpresaren txostenaren emaitzak jakinarazi ditu. Bertan azaltzen denez, lurra hidrokarburoz kutsaturik dago. Urte luzeetan EDF enpresak gas biltegi bat izan zuen eremu horretan. CADEK duela hamabost urte jakinarazi zuen lur hori kutsaturik zegoela, baina agintariek ez dute eremu horren salmenta gelditu edo garbiketa agindu.

Kutsadura dagoen eremuan aparkaleku bat egin nahi balute, 1.700 metro kubo lur atera beharko lituzkete, eta ondoren garbitu. Bulegoak eraikiko balituzte, aipatu kopuruaz gain, galipota atxikitzeko lau ontzi erraldoi ere hustu beharko lituzkete (500 metro kubo), eta lur azaleko gaina, alegia, bertze 700 metro kubo. Orotara, 4.300 metro kubo kendu eta garbitu beharko lituzkete.

Jabeak, ordaindu

Orube horretan eraiki ahal izateko, Kaufman&Broad enpresak kutsadura kentzeko lanak egin beharko ditu, eta horretarako aurrekontua 3,6 milioi euro ingurukoa izanen dela jakinarazi duCADEk. Lur horren parte bat Hazparneko Hazketa hondakindegian lurperatzeko «arriskua» dagoela dio CADEk. Hala ere, bertze parte bat Bordele edo Marseillara bidali beharko dute, kutsadura mota batzuk kentzeko egiturak han daudelako.

«Behin eta berriz eman dioguEuskal Kostaldea-Aturri Herri Elkargoari egoeraren berri, baina orain artean ez dute deus egin lurra garbitzeko», erran du Victor Pachonek. Kutsaturiko lur horien bilakaera zorrotz zainduko dutela gaineratu du, erranez ez dutela onartuko «zernahi» egitea kutsatutako lur horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.