Martxoak 8

Erakunde publikoak eta sindikatuak Emakumeen Nazioarteko Egunari begira

Euskal Herriko erakundeak Martxoaren 8aren inguruko adierazpenak egiten ari dira egunotan.

urtzi urkizu
2014ko martxoaren 7a
13:24
Entzun

Bihar da Emakumeen Nazioarteko Eguna. Erakunde publikoak, sindikatuak, alderdi politikoak eta eragileak egun horri aurre egin eta adierazpen ugari egiten ari dira egunotan.
Adierazpen batzuen laburpena:

Gipuzkoako Diputazioa: Abortatzeko eskubidea aldarrikatu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak bere adierazpenean abortu librerako eskubidea aldarrikatu eta egungo sistema kapitalista eta heteropatriarkalean emakumeek sufritzen duten diskriminazioa salatu du. Mugimendu feministaren borroka aintzat hartu, eta gipuzkoarrei gonbita luzatu die biharko mobilizazioekin bat egiteko. Bestalde, Gipuzkoako Diputazioak berdintasuneko foru arauaren aurreproiektua egingo du, "ikuspegi feministak foru erakundearen antolakuntzan eta politiketan duen zeharkakotasuna blindatzeko".

Bizkaiko Diputazioa: Emakumeak eta kulturaren arteko lotura ardatz.


Hainbat ekitaldi antolatu ditu diputazioak aste honetan, Martxoaren 8aren harira. Horietako batzuk artearekin eta kulturarerkin lotuak. Asteartean Emakumeak Artearen Munduan jardunaldia egin zuten Bilbon. Pilar Ardanza diputatuak nabarmendu du diputazioak Emakumeen Foroaren jarduna sustatu nahi duela. Arteak topagune izateko eta eredu berriak eraikitzeko baliagarrria dela adierazi du Ardanzak.


Arabako Diputazioa: Ezintasuna duten emakumeei begira.

"Askotariko berdintasunean" lelopean, Arabako Foru Aldundiak desberdintasun funtzionala duten emakumeei eskaini die arreta. Diputazioak ezintasuna duten emakumeek gizartearen eremu guztietan egiten duten ahalegin gehigarria ezagutu eta ikusarazi nahi du. Martxoaren 8a ospatzeko kartela zeinuen hizkeran eta Braille alfabetoan aurkeztu dute.


Nafarroako Gobernua: Emakumeak goi karguetan izatearen garrantzia.

Nafarroako Gobernua adierazi du berdintasunaren aldeko bultzada oinarrizko baldintza dela foru erkidegoaren garapenerako. "Emakumeak gizarte eta ekonomia arlo guztietan normaltasunez integratu behar dira, gizonen baldintza beretan", azaldu du UPNren gobernuak adierazpenean. "Emakumeen presentzia enpresetako goi karguetan eta politikan garrantzitsua da. Sektore guztien ardura da", gaineratu du gobernuak.

Bilboko Udala: Soldaten aldea ardatz.

Bilboko Udalak konpromisoa hartu du berdintasunaren aldeko politika aktibo, integratzaile eta parte hartzaile bat sustatzeko. Halaber, gizonen eta emakumeen soldaten arteko aldea salatu du udalak, "Ez zaizkit kontuak ateratzen" leloarekin. Emakume eta elkarte feministen ahalegina goraipatu du udalak.

Donostiako Udala: Feminismotik berdintasuna eraikitzen.

Mendeetan berdintasunaren alde lan egin duten pertsonei eta mugimenduei aitorpena egin die udalak, "Feminismotik berdintasuna eraikitzen" leloarekin. Udalak herritarrei eskaera egin die mugimendu feministak antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko. "Benetako berdintasuna lortzeke dago", adierazi du Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak.

Gasteizko Udala:  Emakume elkarteei omenaldia, bihar.Emakumeen hainbat elkarte omenduko dituzte bihar udaletxean. Besteak beste, Kolonbiako eta Maliko emakumeen elkarteek parte hartuko dute omenaldian. Arabako talde batzuk ere izango dira: 7menos20, Maria de Maeztu forum feminista eta Las Trans.

ELA: Enplegu eta soldata duina eskatu dute emakumeentzat.

Iruñean ekitaldia egin du gaur goizean ELAk. Lan duinaren eta emakumeen eskubideen aldeko manifestazioa egin dute ELAko kideek hiriko kaleetan. Gizonen eta emakumeen soldatetan dagoen aldea kritikatu dute ELAko ordezkariek, bidegabekeri sozialtzat joz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan emakumeek %19,4 gutxiago irabazten dutela nabarmendu dute.


LAB: Emakumeen enplegu suntsiketa salatu dute.

Gaur goizean giza kateak eta elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean, Getxon, Azpeitian, Basaurin, Laudion eta Tolosan. Oihartzun mediatiko handirik gabeko kaleratzen indibidalen bidez ematen ari den emakumezkoen enplegu suntsiketa salatu du LABek. Zerbitzu publikoetan ematen den enplegu galera salatu du, "kontuan hartu behar baita emakumeek nonbait enplegu duina lortu badute sektore publikoan izan dela".


CCOO: Eusko Jaurlaritzari kritika

EAEko CCOOk salatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela Berdintasunaren Legea betetzen. "Administrazio publikoek berdintasun plan bat landu eta aplikatu behar dute lan hitzarmenean". Bere eskaerari Jaurlaritzak "isiltasunarekin" erantzun diola kritikatu du. Izaera orokorreko berdintasun plan bat funtzio publikoaren negoziazio mahaian proposatuko du sindikatuak.


CNT: Abortuaren lege berriaren aurkako mezua

Sindikatuak salatu du emakumezkoen eskubideen aurkako beste eraso bat nabarmenduko dela Martxoaren 8an: PPren abortuaren lege berria. "Ondorio gisa ekarriko du amatasuna inposatuko zaiela emakumeei, baita etxe barruko esparrura itzuli behar izatea ere, gogoz edo gogoz kontra". Sindikatuak uste du Martxoaren 8an beharrezkoa dela ez soilik eskubideak eskuratzea zein generoen arteko "egiazko" berdintasuna lortzea, baizik eta lehendik emakumeek zituzten eskubideak babestea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.