RLGTBI kolektiboaren eskubideen alde jarduten duten eragileek hainbat lorpen egin dituzte azken urteetan sexu identitate eta joera guztietako pertsonak gizartean ikusgarri bihurtzeko borrokan, eta lan horrek emaitzak izan ditu Euskal Herriko erakundeetan ere.
Nabarmentzekoa da ekainaren 8an Nafarroako Parlamentuak onartu zuen LGTBI kolektiboaren berdintasun sozialerako foru legea. «Zeharkako politikak bultzatzeko erreminta izan behar du, alor guztietan», adierazi du Xabier Sanchez Kattalingorriko zerbitzu arduradunak.
Legean jasoa dagoenez, LGTBIfobiari aurre egiteko neurriak hartuko dira hezkuntzan; transexualitatea gaixotasun gisa tratatua izan ez dadin, aldaketak bultzatuko dira osasun zerbitzuetan; eta, erasoen aurrean, bide penaletatik harago, ofizioz esku hartzeko aukera izango dute administrazio publikoak eta Arartekoak.
Raul Lopez Steilaseko LGTBI taldeko arduradunaren arabera, «hori dena beteko balitz, sekulako aurrerapausoa emango genuke».
Horrez gain, LGTBI komunitatearen arretarako zerbitzua sortu du Nafarroako Gobernuak, Berdintasun Institutuaren baitan. Sanchezen esanetan, «oso garrantzitsua da. Azkenean, bermatu egingo du administraziotik LGTBI berdintasunerako politikak bultzatuko direla». Iruñeko Udalak ere sortu du hiriko LGTBI komunitatearentzako arreta zerbitzua.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bada LGTBI komunitatearentzako informazio eta arreta zerbitzua. Berdindu elkartea sortu zuen Jaurlaritzak, 2002an. Aldiz, ez dago Nafarroan onartu berri den legearen parekorik, eta antzeko neurriren bat hartzeko beharra ikusten dute LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko zenbait elkartek. Beste batzuek ez dute beharrezko ikusten. Lopezen iritziz, «egungo legediarekin gauza asko egin daitezke, baina, berariazko lege bat izanez gero, askoz ere gehiago aurreratu daiteke». Iritzi berekoa da EHGAMeko Imanol Alvarez. «Horrelako legeen alde borrokatu behar da. Adierazpenak ongi daude, baina zehaztu egin behar dira. EAEn ere beharko genuke halako zerbait».
Bai Nafarroan, bai Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ume transexualen arretarako protokoloa ezartzen da ikastetxeetan. Hala ere, «harago joan behar da», Lopezen esanetan. «Ume guztiek ez dute gelan ume transexual bat izateko zortea; beraz, irakasle guztiek ez dute jasotzen gaiaren gaineko formakuntza berezia, eta umeek ez dute bizi aniztasun hori». Bestalde, gay eta lesbianen errealitatea ikastetxeetan oraindik ere «ezkutatua» dagoela deritzo.
Erakundeetan onartzen diren planak baliabidez hornitzearen garrantzia nabarmendu dute eragileek.