Erandioko udaletxean ez da aldaketarik izango. Joseba Goikouria (EAJ) alkatea absolbitu egin baitu Bilboko auzitegiak. 2000. urtean Recuperaciones Esma enpresak lantegia zabaldu zuen Erandion. Fabrika berehala jarri zuten martxan, nahiz eta, oraindik ez zuen lizentziarik, ez pabiloila eraiki, ez eta fabrika martxan jartzeko ere. Enpresa horren ondoan lurrak zituen familia batek, urte berean, fabrika zabaltzeko lizentziak eskatu zituen. Eskaera hau berehala bertan behera utzi zuten. Erantzuna ikusita, udaletxean salaketa bat jarri zuen lurren jabeak, Recuperaciones Esma enpresak ez zuela lizentziarik iritzita. Erantzunik ordea ez zen iritxi. Orduan, lurjabeak kereila bat aurkeztu zuen udaletxeko arduradunen aurka.
Gaur publiko egin den sententziaren arabera, 2009. urtetik Erandioko alkate denak, bazekien Recuperaciones Esma enpresa lizentziarik gabe ari zela funtzionatzen eta baimendu egin zuen. Hala ere, alkateak ez zuen ikerketa expedientea gerarazi epaiaren arabera. Bai ordea, Itziar Koba hirigintzako zinegotzi ohiak. Sententziaren arabera, zinegotzi ohiak enpresa horren inguruko ikerketa gerarazi zuen. Horregatik, zazpi urteko inhabilitaziora eta akusazioari 8.470 euro ordaintzera kondenatu du.
Hirugarren akusatu bat ere absolbitu egin du Bilboko epaitegiak: Asier San Nikolas, udal bereko Hirigintzako zinegotzi ohia. Kasu honetan, udaletxean salaketa jarri zutenean udaltzaingoari auzia ikertu zezala agindu zion. Orain probintzia-auzitegian apelazio helegitea jartzeko aukera ireki da.
EAJk kaleratu duen oharrean, epaia gazi-gozotzat jo du. Izan ere, ez datoz bat Itziar Kobari ezarritako kondenarekin. Bestalde zenbait alderdiri leporatu die, gai hau oinarririk gabeko kritika egiteko erabili dutela.