Gaur dira pasatzekoak Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aurretik herenegun atxilotutako lau euskal herritarrak: Nagore Lopez de Luzuriaga, Izaskun Abaigar, Fernando Arburua eta Oihana Barrios. Aurreneko biak Etxerat elkarteko bozeramaileak dira, eta beste biak Jaiki Hadi mediku taldeko kideak. Guardia Zibilak «ETAren kartzeletako frontearen koordinazio gunekoak» izatea leporatzen die. Madrilgo Tres Cantoseko polizia etxean daude, eta laurek uko egin diote polizien galderei erantzuteari. Haien konfiantzazko abokatuen bisita jaso zuten atzo, eta haien bitartez jakinarazi dute jasandako tratua zuzena izan dela.
Informazio hori zabaltzen ari zela, agerraldi jendetsua egin zuten atzo eguerdian Donostiako Antigua auzoko frontoian, hogei alderdi eta talderen babesarekin Etxerat-ek biharko deitu duen manifestazioaren berri emateko. Donostiako Anoeta estadiotik abiatuko da martxa, 17:00etan, eta honako lelo hau izango du: Preso eta senideen eskubideen defentsan, elkartasuna aurrera!
Elkartearen izenean, Maider Alustizak salatu zuen azken atxiloketekin Espainiako Estatuak presoen senide eta lagunak dituela jo puntuan, aurretik beste talde batzuekin egin bezala, Etxerat ere «kriminalizatzeko». Alustizak azaldu du azken asteetan elkarteko kideek nabaritu egin dutela jazarpen mediatiko eta poliziala; bereziki, otsailean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin bildu ostean eta duela bi aste Europako instituzioetara bidaia egin eta hango eragileekin elkarrizketatu ondoren. «Atxiloketa hauek izan dira kriminalizazio kanpaina baten ondoriorik latzenak», azpimarratu du Alustizak.
Presoen babeserako taldeen kontrako laugarren polizia operazioa izan zen herenegungoa, abokatuen aurka urtarrilean egindakoaren segida. Azken horri, berriz, urtebete lehenago eginiko beste batek bide eman zion. Etxerat-en arabera, horren guztiaren oinarrian dago «Espainiako Estatuaren mendeku gosea». «Ezin gaituzte isilarazi, baina gure salaketak estaltzen saiatuko dira, gure elkartea deslegitimatzen. Gure giza eskubideak urratu ditzakete, gure eskubideak urratzen dituzte, baina ez dute jendarteak horren berri izatea nahi» Alustizak adierazi du, baina, euskal gizartearen «gehiengoaren» babesa dutela presoen senideek, haiek ere «bakea eta konponbidearen» alde engaiatuta daudelako, «gertatu den guztia inoiz errepikatu ez dadin; inork ez dezan berriz sufritu guri sufritzea tokatzen ari zaiguna».
Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin, berriz, kritiko azaldu da Etxerat-eko kidea. Urkulluren gobernuaren aldetik ez dutela mezurik jaso adierazi du; herenegun kaleratutako oharra baino ez, eta hori ez dela aski salatu du. Gogoratu du otsailaren 25ean Urkullurekin eta Bake Idazkaritzako buruekin bildu zirela Etxerat-eko kideak. Eta «halako zerbait» etorriko balitz babesa eskatu ziotela EAEko lehendakariari. «Etorri da, eta formak baino ez dituzte kritikatu: Ertzaintzari ez zitzaiola abisatu. Hau ez da esan zitzaiguna, hau ez da merezi dugun babesa», salatu du Alustizak.
Etxerat-en arabera, «guztion» ardura da «giza eskubideak, konponbidea eta bakea aldarrikatzea». Hori hala, manifestazioarekin bat egin duten alderdi politiko eta taldeen babes eskertu du.
Ohar baten bidez egin dute bat horiek. Atxiloketak salatu dituzte eta azpimarratu dute «gizarteari berari» dagokiola orain «eraso» horri erantzutea. «Konponbideari, giza eskubideen errespetuari eta bakeari atea itxi nahi dion oro gelditzeko nahitaezkoa da gure konpromiso aktiboa», azpimarratu dute. Honako hauek sinatu dute oharra: Aralar, Sare, Eusko Alkartasuna, LAB, ELA, Ernai, Sortu, Gazte Abertzaleak, Steilas, HIRU, Alternatiba, Ikasle Abertzaleak, Euskal Herrian Euskaraz, Etxerat, Jaiki Hadi, Egiari Zor Fundazioa, TAT, Elkartzen eta Giza Eskubideen Behatokia. Bake Bideak ere babestu du martxa.
Legeak babestuta
Etxerat-ekoek bezala, Jaiki Hadikoek ere sentitu dute euren lana publikoki defendatzeko premia. Taldeko bi kide atxilotu ondoren, elkartearen lanaren zilegitasuna eta bertako kideen profesionaltasuna aldarrikatu dituzte. «Jaiki Hadi elkarteko osasungintzako profesionalek egiten duten lana profesionala da», adierazi dute Oihana Andueza psikologoak eta Mikel Urra medikuak Jaiki Hadiko beste hainbat sendagilerekin Bilbon egindako agerraldi batean. Azaldu dute elkarteak «eskubide osoa» duela espetxeetako osasun asistentzian «inplikatzeko», eta presoek laguntza hori jasotzeko aukera bermatua izan behar dutela: «Osasun fisikoa zein psikologikoa pertsona ororen eskubidea izanik, preso egonik ere eskubide horrek bere horretan jarraitzen du bere osotasunean». Hori dela eta, osasun arloko laguntza ematea egungo legeek zein espetxe arautegiak babesten dutela ohartarazi dute: «Gaixo dagoen edozein presok eskubide osoa du espetxez kanpoko osasun asistentzia jasotzeko». Hartara, kartzela politikak ezin dituela giza eskubideak urratu zehaztu dute.
«Elkarte honetako profesionalen lana legediak berak babesten eta espetxe administrazioak baimentzen du», azaldu dute, halaber, medikuek. Are, sarritan espetxeetako sendagileekin elkarlanean aritzen direla kontatu dute, eta hori dela, gainera, asistentzia «integralerako» biderik onena. Gauzak horrela, uste dute operazioaren xedea dela Jaiki Hadi elkartea «kriminalizatzea»; «giza eskubideen aldeko defentsa eta presoen osasunaren asistentzia zigortzea». Izan ere, Barrios eta Arburuaren lankideen ustez, horixe da bi atxilotuek egin duten «delitu» bakarra.
Operazioak eragin dizkien beste kezka batzuk ere plazaratu dituzte Jaiki Hadiko kideek: guardia zibilek miaketetatik zer eraman duten ez dakiten arren, «informazio kliniko eta asistentzialaren konfidentzialtasuna» kolokan egon daitekeela ohartarazi dute, atxilotutako medikuek gaixoen historia kliniko asko zituztelako. Oso gaixotasun psikologiko larriak dituzten hiru presoen egoeragatik bereziki kezkatuta azaldu dira. Horien egoera oso larria dela zehaztu dute, atxilotuetako batek —Oihana Barriosek— tratamendu terapeutikoa ematen diela, oso premiazkoa dutela laguntza hori, eta terapia hori gabe arrisku handiko egoeran daudela.
Zigorra EH Bilduri
EH Bilduko legebiltzarkideek, berriz, ezin izango dute Eusko Legebiltzarreko bi osoko bilkuretan parte hartu, Atxilotuak askatu, Dispertsiorik ez eta PP bakearen etsai leloak idatzita zituzten kartelak erakusteagatik legebiltzarrean atzo eginiko saioan. Anton Danborenea PPko kideak hitza hartzera zihoala, koalizioko kideak zutik jarri eta erakutsi zituzten aipatutako afixak. Hiru alditan eskatu zien Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidenteak kartela ezkutatzeko; agindua bete ez, eta aretotik kanporatu zituen. «Egoera anormala zelako ezin genuen normal segitu» azaldu zuen Julen Arzuagak EH Bilduko legebiltzarkideak komunikabideen aurrean eginiko agerraldi batean. «Nahi duenak nahi duena defenda dezake, baina beste leku batzuk bilatu beharko ditu horrelako gauzak egiteko», erantzun zuen Tejeriak. PPk, berriz, koalizioko kideak hamabost egunez legebiltzarkide eskubidea kentzea galdegingo du: «Ez diegu ezer barkatuko».
Presoen babesaren kontrako operazioa
Erantzun «aktiboa» eskatu dute
Manifestaziora deitu dute biharko, Donostian, presoen babes taldeen aurkako azken polizia operazioa salatzeko.Lau atxilotuak gaur dira pasatzekoak Eloy Velasco epailearen aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu