Mina, tristura eta haserrea nahastu dira Athleticen jarraitzaileen artean. Nabari da kalean egunotan. Jarraitzailerik sutsuenak biltzen dituzten peñek are gertuago sentitu dute kide zuten Iñigo Cabacas Lizeranzuren heriotza, eta mobilizatzen hasi dira. Athleticen peñen elkarteak premiazko bilera egin zuen atzo iluntzean, gertatutakoaren aurrean erantzun bateratua adosteko.
Zale zuri-gorriak biltzen dituen elkarteak 150 peña eta milaka zaletu batzen ditu. Atzo iluntzean ordezkaritza bat bildu, eta adierazpen bateratua adostekotan ziren. Baina hitzartutakoa ez dute oraindik publiko egingo. BERRIAk jakin duenez, datozen egunetan emango dute hitzartutakoaren berri, Cabacasen senideekin bildutakoan.
Futbol zelaietan, atzo bertan hasi zen zaleen haserrea ikusten. Osasunak etxean zuen partida, eta lehen 15 minutuetan hutsik egon ziren hegoaldeko harmailak, protesta gisa. Polizia hiltzailea! eta Herriak ez du barkatuko! oihuak entzun ziren ondoren. Anoetan ere pankartak jarri zituzten Cabacasen heriotza salatzeko.
Athletic eta Realaren mina
«Athleticek bere doluminak helarazi nahi dizkie astelehenean, hilaren 9an, Bilbon hil zen Iñigo Cabacas Liceranzu zale zurigorriaren senide eta lagunei». Klubak esaldi horrekin adierazi zuen dolumina web orrian. Atzo txertatu zuen ohar laburra orri ofizialean, bezperan, hainbat zaletuk klubaren isiltasunagatik haserrea sarean plazaratu ondoren. Testu laburra, eta ia ezkutukoa izan da Athleticek bere zaletu eta bazkidearen heriotzaren aurrean argitaratutakoa. Ez dio titular handirik eskaini. Albisteen artean laugarren tokian kokatu du dolumina, toki txikian.
Bestalde, klubak ez du argitu mina agertzeko instituzionalizatuta dituen adierazpideetakoren bat erabiliko duen edo ez; ez du zehaztu gaurko partidan jokalariek xingola beltza jantziko duten edota igandean San Mamesen minutu bateko isilunea egingo duen. BERRIAk jakin duenez, aztertzen ari da gaia, eta «iritzi kontrajarriak» daude zuzendaritzan.
Realak ere bat egin du minarekin. Web orrian sartu du adierazpena, albisteen artean lehen tokian jarri eta Athleticek baino tarte handiagoa eskainita: «Realak bere dolumina agertu nahi die Iñigo Cabacasen sendiari eta Athletic taldeko zalegoari une latz hauetan».
Algortan, «basakeria polizialaren» aurka protesta egin zuen Eztabaida Gune Antiautoritarioak iluntzean, eta sare sozialetan salatu zutenez, «Cabacas hil zuten pilotak bezalakoak» jaurti zituen Ertzaintzak protestarien aurka.
Gasteizen ere ertzainez inguratuta egin zuten manifestazioa ehunka pertsonek, eta tentsio uneak izan ziren.
Erantzun bateratua adosten ari dira Athleticeko peñak
Osasunako zaleek harmailak hutsik utzita protestatu dute; Gasteiz eta Algortan tentsioa eragin dute ertzainek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu