MARTIN UGALDE KULTUR PARKEAREN KONTRAKO OPERAZIOA

Erantzun jendetsua, berriro

Euskalgintzari egindako azken erasoa salatzeko eta atxilotutakoen askatasuna eskatzeko, Donostiako kaleak bete zituzten milaka manifestarik, Kontseiluaren deialdiari erantzun paregabea emanez

Eider Goenaga Lizaso.
2003ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Zortzi hilabetean bigarren aldiz milaka euskal herritarrek Kontseiluak egindako deialdiari erantzun diote, eta Donostiako kaleetan beren haserrea erakutsi dute, erasoari behar bezalako erantzuna emanez. Kaleek gainezka egin zuten atzo, Gora Euskal Herri euskalduna. Bai euskarari! leloarekin bat eginez eta euskalgintzari atxikimendua eskainiz. Duela zortzi hilabete Egunkaria-ren itxiera salatzeko irten ziren bezala, atzo Martin Ugalde Kultur Parkeari egindako erasoa salatu zuten. Euskararentzako eta euskalgintzan lan egiten duten erakundeentzako babes eskaera zebilen guztien ahotan.

Aurreko operazioan atxilotutako Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Fermin Lazkano zihoazen hasierako pankartan, eta haiekin Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko ordezkaritza: Xabier Mendiguren idazkari nagusia, Bertsozale Elkarteko Imanol Lazkano, AEK-ko Joxe Leon Otaño, Euskal Konfederazioko Ttitto Velvedere, EHEko Gabi Basañez eta EKTko Administrazio Kontseiluko Joxean Lizarribar eta Ane Agirregomezkorta, besteak beste. Mikel Sorozabal Egunkaria-ko gerente ohiaren aitak ere eraman zuen pankarta, atxilotuen senideen ordezkaritzan.

Atxilotuak izan ziren manifestazioaren protagonista nagusi, euskararen aldarrikapenarekin batera. Lehen pankartaren atzeanMartin Ugalde Kultur Parkeko enpresetako langileek zeramaten bigarrena, atxilotuen askatasuna eskatzeko: Atxilotuak askatu. Euskalgintza aurrera! zioen. Haren atzean, atxilotutako kideen eta otsailaren 20tik espetxean dauden Iñaki Uria, Xabier Oleaga eta Xabier Alegriaren argazkiak eraman zituzten. Haiek pasatzean entzun ziren txalo ozenenak eta, otsailean atxilotuek bizitakoa gogoratuta, baita torturen aurkako leloak ere: Atxilotuak askatu; Ez, ez, ez, torturarik ez; Alde hemendik. Utzi bakean eta Hemen ere torturatzen da. Manifestarien artean Alde hemendik. Torturarik ez zioten kartelak zituen jende askok eskuetan.

Euskararen kontrako erasoak ozen salatu zituzten manifestariek: Euskal Herrian euskaraz; Egunkaria aurrera; Euskal Herria aurrera... Independentzia eta euskal presoen askatasuna eskatzen zuten oihuak ere ugari izan ziren; eta, banaka batzuk izan arren, Ibarretxeri eta Ertzaintzari zuzendutako mezuak ere entzun ziren: Ibarretxe non zaude? eta Zipayoek ere torturatzen dute.

Atxilotuen «infernua» gogoan

Antiguatik ateratako manifestazioa jendetsua zen oso, baina 18:50ean Bulebarrera iristerako bikoiztu egin zen. Bulebarrean ehunka lagunek txaloekin egin zioten harrera manifestazio buruari. Han, Mendigurenek Torrealdairi eman zion hitza, gogoratuta otsailaren 22ko manifestazioan ez zela izan, atxilotua zegoelako. Txalo artean hasi zen hizketan, eta Guardia Zibilaren esku dauden zortzi atxilotuak «infernua» bizitzen ari direla nabarmendu zuen. Mendigurenek ere atxilotu eta espetxeratuak izan zituen gogoan. Izenak ematen ari zela entzun zen manifestazioko txalo zaparrada handiena.

Manifestazioan aurpegi ezezagunak milaka ziren, baina ezagunak ere ugari. Besteak beste, Eusko Jaurlaritza ordezkatzen, Josu Jon Imaz, Miren Azkarate, Anjeles Iztueta, Joseba Azkarraga, Jose Maria Muñoa eta Patxi Goenaga; Gipuzkoako Foru Aldunditik Joxe Joan Gonzalez Txabarri; alderdi politikoen izenean, Joseba Egibar (EAJ), Arnaldo Otegi (Batasuna), Gorka Knörr (EA), Antton Karrera (EB-IU), Patxi Zabaleta (Aralar) eta Richard Irazusta (AB); eta sindikatuetatik, Jose Elorrieta (ELA), Rafa Diez (LAB), Jesus Uzkudun (CCOO) eta Unzalu Salterain (EHNE).

Euskara eta kultur mundukoak ziren, hala ere, aurpegi ezagun gehienak: besteak beste, Pedro Aranburu, Bernardo Atxaga, Natxo de Felipe, Imanol Lazkano, Benito Lertxundi, Joxean Artze, Joseba Tapia, Joan Mari Irigoien, Jon Sarasua, Igor Elortza eta beste hainbat.

-

Kontseiluaren mezua





Egoerak eskatzen du akordio politiko zabala egitea

Xabier Mendiguren Kontseiluaren idazkari nagusiak ondoko mezua irakurri zuen manifestazioaren amaieran.



Milaka eta milaka lagun elkartu gara berriro ere euskarari bai esateko, euskararen normalizazioari bai esateko, hizkuntz eskubideei bai esateko. Eta euskararen gizarte erakundeen lanari babesa eta sostengua emateko, euskararen historian herenegungoa bezalako egun beltzak berriro errepika ez daitezen.

Euskararen normalizazioaren alde lan egiteagatik zortzi lagun atxilotzea onartezina da. Nahi adina argudio maltzur eta faltsu erabili ahal dituzte; baina jakin badakigu lagun hauek egiten duten lana zein den. Eta une honetan lagun hauek bizitzen ari diren babesgabezi egoeragatik gure kezka adierazi nahi dugu. Gure elkartasuna eta abegikortasuna adierazi nahi dizkiegu bere senideei eta lagun guztiei.

Gaur hemen bildu garenok euskaltzaleak izateaz gain, euskal herritar ere bagara. Eta aitortzen dugu herri honek eskubidea duela bere hizkuntza garatzeko eta beste edozein herri bezala bere hizkuntzan bizitzeko.

Horregatik, «Gora Euskal Herri Euskalduna»esatera etorri gara. Herri bakoitzak bere hizkuntza sustatzeko, garatzeko eta bultzatzeko eskubidea daukalako. Gure herriak ez duelako salbuespena izan behar.

Europako estatu gehienek sinatutako Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak aitortzen du bizitza pribatuan eta jendaurreko jardunean gutxiengoen hizkuntzan mintzatzeko eskubidea ukaezina dela, herri bakoitzaren hizkuntza eta kultura sustatzeko eta bultzatzeko eskubideak ukaezinak direla. Eta horixe da euskaldunok eskatzen ari garena, gure eskubideak, gure giza eskubideak errespetatzea. Hain zaila al da hori ulertzea eta onartzea?

Berriro ere, esan behar dugu, Euskal Herri Euskalduna nahi dugula, hizkuntz eta kultur aniztasunean sinistuta gaudelako. XXI mendean hizkuntzak areriotzat hartzeak ez du inolako zentzurik. Beraz, euskararen aldeko lanean dihardugunok utz gaitzazue bakean, utzi gure lana garatzen!

Otsailean Egunkaria itxi zutenean, dei zuzena egin genien alderdi politikoei. Orain, berriz, dei berbera egin behar dizuegu, euskararen defentsan eta normalizazio ahaleginetan eragile aktibo izan zaitezten. Egoerak eskatzen du akordio politiko zabala egitea, euskararen normalizazioa garatzeko akordio hori ezinbestekoa baita. Euskalgintzatik eskaera bat egiten dizuegu: ausardiaz jokatzeko, gure hizkuntza eta gure herri izaera aurrera ateratzen laguntzeko, iritzi politiko desberdin guztien gainetik. Hori izango da gure etorkizun baketsurako ekarpen eta bermerik hoberenetakoa.

Kontseilua eta bera osatzen duten erakundeok hizkuntz normalizazioarekiko eta hizkuntz eskubideekiko konpromisoa berretsi nahi dugu. Helduak eta umeakeuskalduntzen, albisteak euskaraz zabaltzen, liburuak gure hizkuntzan argitaratzen, hizkuntz eskubideen defentsan, gizarte eragileak euskararen normalizazio bidean sar daitezen eragiten jarraituko dugu. Ez izan inolako zalantzarik.

Milaka eta milaka euskaltzalek irekitako bidetik jarraituko dugu. Euskal Herria euskalduna izango dela ziur gaude. Euskararen normalizazio prozesuan urrats inportanteak egiteko garaia da.

Eginbehar honetan denok beharrezkoak gara, eta horregatik lehen bait lehen hemen behar ditugu baita ere urrun dauzkagun gure lankideak, lagunak eta senideak ere: Joxe Mari Sors, Xabier Legarra, Mikel Sorozabal, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte, Mikel Arrizabalaga, Angel Ramon Diez, Amando Hernandez, Iñaki Uria, Xabier Alegria eta Xabier Oleaga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.