Erantzuna gizarte murrizketei

Langile publikoak hilaren 31rako grebara deitu dituzte ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuek HegoaldeanZerbitzu publikoen eta beharginen lan baldintzen aldeko aldarria egingo dute

Lau sindikatuek esparru publikoan duten elkarlanaren erakusle izango da hilaren 31ko greba. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian diharduten administrazioek azken hiru urteotan egindako edo iragarritako murrizketei erantzun diete ELA, LAB, EILAS eta ESK sindikatuek: maiatzaren 31n greba egitera deitu dituzte Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako langile publiko guztiak. Atzo Bilbon egindako agerraldi batean azaldu zutenez, bi aldarrikapen uztartuko dituzte: zerbitzu publikoen defentsa eta zerbitzuotako langileen eskubideena. Izan ere, sindikatuotako ordezkarien ustez, ongizate estatua desegiteko eta enplegu publikoa suntsitzeko helburua dute murrizketen bidez.

Sektore publikoko langile guztiei eragingo die greba deialdiak, eta ez soilik hezkuntzakoei eta osasun alorrekoei. Zerbitzu publikoei «goitik beherako erasoa» egiten ari zaiela argudiatu du LABeko kide Arantza Sarasolak. «Hezkuntzako eta osasun arloko murrizketek oihartzun handia izan dute, baina oharkabean pasatu dira, adibidez, justizia sisteman berrordainketa ezartzeko asmoa, edo mendekotasuna dutenei zerbitzuak are gehiago gutxitzekoa».

Lau sindikatuok arlo publikoan duten elkarlanaren erakusle izango da greba, «erasoak areagotu direlako, eta larriagotu», EILASeko Belen Arrondoren hitzetan. Aurretik ere mobilizazioak egin izan dituzte murrizketen aurka: besteak beste, 2010eko maiatzean greba egin zuten funtzionarioek, eta aurtengo otsailaren 9an, lau orduko lanuztea. Hala, Hegoaldeko udaletako, foru aldundietako, Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko eta Espainiako Gobernuko funtzionarioak daude hil amaierako grebara deituta; 130.000 eta 140.000 langile artean, sindikatuen arabera.

Deitzaileek ez dute baztertu maiatzaren 31ren aurretik beste mobilizazioren bat egitea edo babestea. Era berean, zerbitzu publikoen defentsan ari diren gizarte eragileekin ere harremanetan segituko dute.

Ongizatearen berme

Zerbitzu publikoak «eraistea» leporatu diete exekutiboei. ELAko ordezkari Igor Eizagirrek gogora ekarri du horrek eragin zuzena duela herritarrengan: «Zerbitzu publiko unibertsalak, kalitatezkoak eta doakoak aldarrikatzen ditugu, jendartearen oinarrizko ongizatea bermatzeko ezinbestekoak direlako».

Zerbitzu publikoen murrizketen atzean «enpresa pribatuei bidea irekitzeko» asmoa ikusten du Eizagirrek. «Zerbitzu publikoak albo batera uzten ari dira instituzioak, argi eta garbi pribatizatzeko interesak daudelako, gutxi batzuen negoziorako». Defizit publikoa jaitsi beharra «aitzakia» da Sarasolarentzat. Mozketak egiteko, gezurretan oinarritzea egotzi dio Espainiako Gobernuari: «Neurriak langabeziari aurre egiteko direla diote, euren datuek ere hori gezurtatu egiten badute ere».

Baina zerbitzu publikoei eginiko «erasoek» bertako langileei ere kalte egiten diete. «Gure lan baldintzetan ari gara nozitzen politikariak ongizate estatua desegiteko hartzen ari diren neurriak», esan du Sarasolak. Azken neurrien aurretik beste hainbat hartu zituztela gogorarazi du: «Murrizketak murrizketen gainean».

35 orduko lan astea dudan jarri berritan, Eizagirrek nabarmendu du langileen borrokaren lorpen handi bat izan zela: «Greba orokorraren ondorioz, lege bana lortu genuen Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretan».

Lanorduak gehituta lanpostu publikoak kendu nahi dituztela erantsi dute deitzaileek. Haien ustez, joera horrekin bat dator enplegu publikorako deialdiak eten, funtzionarioen soldata izoztu edota erretiro adina eta baldintzak «kaskartu» izana. Hala, sindikatuetan kezka eragiten duen galdera bat plazaratu du Sarasolak: «Noiz eta nola izango dute lanerako aukera langabezian dauden gazteek, emakumeek, etorkinek, langabeek... lanean ari garenon jarduna eta lan adina luzatu baino ez badute egiten?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.