Zarzalejos- Gobernuak prozesu demokratiko guztiak errespetatzen ditu. (...) Guk ez dugu nahi zuek independentista eta sozialista izateari uztea. Zuek Lizarra jarri duzue. Orain konfrontazio politikoa dago. Ez dut ikusten gure erantzuna egokia ez denik. Ez dakit ulertzen den.
Antza- Ba ez. Akaso hizkuntza ezberdinak hitz egiten ditugulako izango da, baina planteatzen ari zaren guztia oso abstraktua da. Guk konkrezioa eskatzen dizuegu.
Bilera, jakina, gaztelaniaz egin zuten, baina ETAko kideek elkarren artean euskaraz egin zuten, eta bitartekariari ere hala mintzatu zitzaizkion, Zutabe-n diotenez.
Aurrerago, indarkeriarik gabeko jokalekua finkatzeko zer egin daitekeen jakin nahi zutela esan zuen Zarzalejosek, «interes handia» zutela «indarkeriaren etenaldi mugagabea lortzeko», eta norabide berean «dinamika ezberdinak» bultzatu beharko liratekeela. ETAko solaskideak ulertu gabe jarraitzen zuela esanzion Uriarteri euskaraz,ez zekiela zer dinamika klase bultza zezakeen ETAk su-eten mugagabean zegoenean.
Galdera nagusiari erantzun gabe jarraitu zuten Gobernuko ordezkariak, aktaren arabera: erakunde armatu batekin negoziatzea legez kanpokoa zela, «indar armatuen kanporatzeaz eta autodeterminazio eskubideaz» negoziatzea ez zegoela euren esku... Baina ETAk erantzuna nahi zuen, bilerak aurrera egin ahala ere. «Guk argi eta garbi adierazi dugu zer eskatzen diogun Espainiako Gobernuari: Euskal Herriak erabakitzen duena errespetatzeko».
Arriola- (...) Gobernu batek ezin du erakunde armatu batekin eztabaida politikoa egin, adibidez, Konstituzioa aldatzeko.
Antza- (...) Momentu honetan prozesu bat zabalik da. Galdetzen duguna da Gobernua egoera horri sentibera zaion.
Bilera bukatu zen, eta Aznarren ordezkariek ez zuten erantzun. Hitz egindakoari buruz gogoeta egin eta hurrengo bileran jarraitzekotan gelditu ziren. Baina ez zen beste bilerarik izan.
############
Bileraren akta
Abizenak eta ezizena. ETAk bileraren akta egin zuen, eta Gara egunkariak argitaratu zuen, ETAk su-etena hautsi ondoren, beste hainbat agirirekin batera. BERRIAk eskuratutako aktan, Gobernuko ordezkariak abizenez izendatuta ageri dira (Zarzalejos, Arriola eta Fluxa), eta ETAko bozeramailea, ezizenez (Antza).############