Batasunaren proposamena

"Eraso estrategia" sumatu du Batasunak Anoetako ekarpenaren inguruan

Gaur hilabete aurkeztu zuen Batasunak Donostiako Anoetako belodromoan 'Orain herria, orain bakea' proposamena, eta ordutik ez du mugimendu handirik nabaritu gainerako indar politikoen artean. Aitzitik, Batasunaren eta proposamenaren kontrako "eraso estrategia" sumatu dutela adierazi du Arnaldo Otegi bozeramaileak, eta indar batzuek bake prozesuaren ordez ezker abertzalearen umiliazioa nahi dutela. Hori dela eta, "eraso estrategiekin" ez dela ezer eraikitzen ohartarazi die Otegik, eta zuhurtzia eskatu die.

2004ko abenduaren 14a
17:12
Entzun
Otegiren arabera, Batasunaren ekarpenaren inguruko erreakzio joerak bi fasetan labur daitezke: aurrenekoa aurkezpena egin baino lehen hasi zela iritzi dio, eta hasieratik "eraso estrategia" nagusitu zela; alegia, aurkezpena egina urretik proposamena higatzen saiatu zirela eta baliorik gabekoa zela adierazten.

Horren ostean, bigarren fase bat heldu zela agertu du Otegik, eta bigarren faseko lehen epe labur batean 'Orain herria, orain bakea' proposamena aurrerapauso bat zela onartu zutela indar gehienek, ñabardurak ñabardura. Baina epealdi hori segituan amaitu zela uste du Batasunako bozeramaileak, eta "salbuespenak salbu" eraso estrategiara itzuli zirela. Bigarren faseko "eraso estrategiaren" ardatza Anoetako ekarpenaren mamia alde batera utzi eta konpromisoen inguruko eztabaida bultzatzea izan zela esan du Otegik; hau da, Batasunari hainbat keinu eskatzea.

Ildo horretatik, hainbat indar politikoren helburua ez dela bake prozesu bat bultzatzea iritzi dio Batasunako bozeramaileak, "ezker abertzalea umiliatzea baizik".Hori dela eta, umiliazioek eta eraso estrategiek ez dutela ezer eraikitzeko balio ohartarazi die Otegik gainerako indarpolitikoei, eta zuhurtziaz jokatzeko eskatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.