Ez da Orozkon azken asteetan izan den salaketa bakarra. Joan den abenduaren 16an ere "antzeko erasoa" salatu zuen beste emakume batek, Orozkoko Gazte Asanbladak nabarmendu duenez. Eraso hura jasan zuen emakumearen esanetan, gizonezko bat jarraitzen hasi zitzaion kaletik eta gainera egin zion salto. Emakumea berehala hasi zen laguntza eske eta ihes egitea lortu zuen.
Atzo erasotua izan zen emakumeak ere gizon bat sumatu zuen jarraika, 22:15ak aldera, etxera bidean zihoala. Hala jakinarazi du Matxintxu emakume taldeak. Etxeko atariraino hasi zen korrika emakumea eta barrura sartu zenean, atzetik zihoan gizonezkoa hari begira gelditu zen kanpotik.
Matxintxu elkartetik ziurtatu dute norbait herriko emakumeak erasotzen ari dela, eta prebentziorako neurriak hartzearen beharraz ohartarazi dute.
Orozkoko Gazte Asanbladak mobilizatzera deitu ditu herritarrak. Manifestazioa antolatu du gaurko, 20:00etan, Orozkoko herriko plazatik abiatuta.
Barakaldon, lau gazte identifikatuta
Lau gazte identifikatu ditu Ertzaintzak, joan den larunbatean adingabe batek Barakaldon salatutako sexu erasoa dela eta. Iturri ofizialen arabera, batzuk adingabeak dira, eta ikerketa Bilboko Adingabeen Fiskaltzaren esku geratu da.
Hain zuzen, identifikatutako bi adingabek beren burua aurkeztu dute gaur Bilboko Adingabeen Fiskaltzan, eta Zumarragako (Gipuzkoa) adingabeekoentzako zentrora eraman dituzte. Ertzaintza beste bi identifikatuen bila ari da.
Larunbat goizaldean gertatu zen erasoa, Barakaldoko lokal batean. Asteburuan bertan egin zituzten elkarretaratzeak gertatutakoa salatzeko, eta udal gobernuak ere aho batez gaitzetsi du.