Bilboko Udalak "irmotasunez" salatu ditu Aste Nagusian izandako eraso sexistak. "Ekintza hauek osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa izateaz gain, giza eskubideen urraketa larri eta jasanezia dakarte berez". Ordezkaritza duten sei alderdiek adostu duten agirian, Bilboko Udalak gogorarazi du eraso horiek eguneroko indarkeria matxistaren isla dela.
Bilbotarrei dei egin diete halako erasorik onar ez dezaten: "Ekintza horiek zigorrik gabe ez uztera gonbidatzen ditugu". Udalak ohartarazi du erasoen aurrean bilbotarrak ezi direla isilik geratu. Era berean, erasotuak izan direnei babesa agertzeko eskatu die: "Banakako eta taldeko erantzukizuna gure gain hartu behar dugu eraso matxisten aurrean". Mobilizazioetan parte hartuko duela iragarri du udalak.
Bilboko Konpartsek hirutan aktibatu dute erasoen aurkako protokoloa. Atzo arte lau eraso salatu dira Poliziaren aurrean. Hala ere, Konpartsek eraso gehiagoren berri izan dute. "Gutxienez zortzi" aipatu dituzte, baina "askoz gehiago" izango zirelakoan daude, gehienak ez direlako salatzen.
Udalaren jarrera eta eraso sexistak salatu dituzte Bilboko Konpartsek
Bederatzi egunez Bilboko jaien bihotza izan diren txosnak desmuntatzen hasi dira Bilboko Konpartsak. Hamaiketakoaren orduan, atsedenaldia egin dute, komunikabideen aurrean Aste Nagusiaren balantzea egiteko. Marijaiaren 40. urtebetetzea "ospakizun gogoangarria" izan dela iruditu zaie. "Denok geunden gonbidatuta urtebetetze festa honetara, eta inork ez du kale egin: jaigunea jendez gainezka egon baita egunero". Arrakastaren datuak aipatu dituzte: 617 lapiko, sukaldaritza lehiaketetan; 1.915 lasterkari, hiri krosean; euskara erabiltzeko 5.000 lagunen konpromisoa, Biziprest egunean... Konpartsek, guztira, 545 ekitaldi antolatu dituzte.
Urteurreneko jaien puntu beltza eraso sexistak izan dira, beste behin. Hiru aldiz aktibatu da erasoen aurkako protokoloa. "Gonbidatu ez ditugunak agertu dira, tamalez, urtebetetze festa honetara. Ez dugu nahi erasotzaileak gure jaietatik modu askean eta inpunitate osoz ibiltzerik". Erasotzaileen aurrean "adi" jarraituko dutela esan dute. "Jai eremutik bota ditugu eta botako ditugu; autodefentsa eta elkarren zaintza sustatzen eta erabiltzen jarraituko dugu".
Udala ere kritikatu dute. Festara "gonbidatu astunak" bidali dituela egotzi diote. Izan ere, konpartsek uste dute Polizia gehiegi egon dela jai eremuan, eta festen "militarizazioa" salatu dute. Horrez gainera, pregoilariaren eta txupineraren irudiak udalaren kanpaina baterako erabili izana txarretsi dute.