Sanferminak

Eraso sexistak gaitzetsi dituzte kalejira batean

Urtero izan ohi dira eraso sexistak festekin lotuta. Gaur jakin da, hain zuzen ere, atzo gizon bat atxilotu zuela Espainiako Poliziak, San Nicolas karrikan emakume batzuei ukituak egin zizkielakoan.

Peñen kalejira, gaur arratsaldean. PELLO ARGIñARENA, @ARGIPE1
2014ko uztailaren 9a
07:17
Entzun

Eraso sexisten aurkako eguna izan dute gaur Iruñeko Peñek. Arratsaldean, kolore morea nagusi izan da zezen plazarako bidean. Aurten, Iruñeko Udalak berak ere hainbat neurri hartu ditu eraso sexistak saihesteko. Esate baterako, txupinazoan udaltzainek erasorik izan ez zedin lan egin zuten. Gainera, udalak eraso sexisten aurkako kanpaina egin du, hainbat komunikabiderekin batera.

Sanferminak hasi aurretik ere bilkura bat egin zuten eraso sexisten aurka udaletxeko plazan Gora Iruñeak deituta. Peñek ere parte hartu zuten, eta ehunka herritar bildu ziren.

Gizon bat atxilotu dute Iruñean, sexu erasoa egotzita

Kaleko jantzitako poliziek gizonezko bat atzeman zuten atzo goizaldean Iruñeko San Nicolas karrikan, oinez zihoazen emakume batzuei ukituak egin zizkielakoan.

Iturri ofizialen arabera, agenteak identifikatzera gerturatu zitzaizkionean haietako bati ere ukituak egin zizkion, eta atxilo hartu zuten. Gizonezkoa aske utzi dute, behin-behinean eta karguekin. AEBetakoa dela jakinarazi dute.

Erasoak hizpide 'Sanfermintza' saioan

Euskalerria irratiaren Sanfermintza saioan ere eraso sexisten gaia jorratu dute gaur Juan Kruz Lakasta eta Reyes Ilintxeta kazetariek. Horretarako, Gora Iruñea plataformako Miren Aristu eta EILASeko Kepa Yekora gonbidatu dituzte mahai ingurura.

Gaurko saioa ere ikusgai izan da BERRIAri esker, BerriaTB bitartez. Ander Gartzia aritu da bideogile lanetan:

"Denok dugu libre zateko eskubidea", nabarmendu du Yekorak. Aristu bat etorri da harekin, baina, aldi berean, ohartarazi du erasoa bera identifikatzean datzala maiz arazoa: "Jakin badakite bortxaketa erasoa dela. Baina badira beste maila batzuetakoak direnak ere, eta gazteek horiek ezagutzeko zailtasunak izaten dituzte askotan".

Ohiko moduan, zuzeneko musika entzuteko aukera ere izan da. Besteak beste, Joseba Irazoki gitarra jolea eta Edmundo Lakort izango dira Euskalerria irratiko estudioetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.