Espainiako Poliziak ez zion abokaturik, itzultzailerik ez eta psikologorik eskaini uztailaren 10ean, Iruñean, taberna bateko komunean erasoa jasan zuen emakumeari, Gora Iruñeak eta Eraso Sexisten Kontrako Plataformak jakinarazi dutenez. Gizon batek egin zion sexu erasoa, haren lagun taldeak —gizonak haiek ere— babesten zuten bitartean. Azkenean, neskaren bi lagunek atera zuten komunetik. Polizia etxera gertatutakoa salatzera joan zenean, Poliziak etxera bidali zuen, salaketa jarri gabe. Egun berean, berriz ere bertaratu zen, salatzeko asmotan; eta, bigarrenean, bai. Ipintzea lortu zuen. Dena dela, agenteek ez zuten legeak agindutako Genero indarkeriaren biktimei laguntzeko jarduketa koordinatuaren protokoloa martxan jarri —Nafarroan sexu erasoetarako protokoloa ere badena—. Itzultzaile eta psikologoen faltan, emakumeak gertatutakoa kontatzeko bermerik ez zuela izan, hori azpimarratu dute herri eragileek; era berean, uste dute ez ziotela babes emozionalik eman. Osasun etxera ere ez zuten eraman poliziek txosten medikua gauza zezan, hedabideei helarazitako oharrean jakinarazi dutenez.
Poliziaren bertsioari muzin
Ez onartu bertsio ofiziala izeneko idazkian, zenbait hedabidek gaiari emandako trataera izan dute hizpide. Kritiko azaldu dira, gainera. Sexu eraso guztiak «arbuiagarriak» direla azpimarratu dute, eta indarrez eta bortxaz egiteak bihurtzen dituela erasoak eraso, sarketa egon ala ez egon. Horregatik, galdera zorrotza bota diete auziaren trataera partziala egin zutenei: «Zergatik sinesten duzue Poliziaren bertsioa, eta ez emakumeen eta herriaren mugimenduak dioena?».
Poliziaren bertsioa «sentsazionalista» izan da, idazkiaren egileen irudiko, bai eta hedabidek emandako trataera ere. «Hedabideak arrunt gaizki aritu dira, ez baitzuten kontrastatu Espainiako Poliziak emaniko bertsioa. Mugimendu feministaren eta herri mugimenduaren bertsioa ukatu zuten (horiek oso larritzat jo zuten erasoa), eta ezbaian eta zalantzan jarri zuten emakume erasoak zioena, parametro matxistei jarraikiz». Susmoa agertu dute Poliziak emakumearen deklarazioen xehetasunak kaleratu ote zituen. Aldebakarreko berriak argitaratzeak emakumeak mugatzen dituela salatu dute. «Eta jakina da gisa horretako delitu asko izaten dela: sexu erasoak gertatzen dira, baina salatu, ez».
Hedabideekin ere kexu azaldu badira Gora Iruñea eta plataforma; pozik agertu dira, ordea, herritarrek emandako erantzunarekin. Hala, biek ala biek oroitarazi dute mugimendu feministak herri mugimenduko gainontzeko eragileekin elkarlanean deituriko protestan, «jendetza» bildu zela, gertatutakoa salatzeko asmoz. Halaber, zenbait tabernak musika kendu zuten ordu erdiz, gauean, eta orduan ere parrandan zeudenak barruan geratu ziren. Hori ere egindako lanaren lorpentzat hartu dute.
Protokoloa betetzea. Horra bi eragilek defendatu dutena. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzari exijitu diote aplikatzeko makina bat Polizia indarrek 2002an adostutako hori. Ez betetzea, emakumeen eskubideak «urratzea» delako.
«Bigarren mailakotzat hartzen gaituzte, eta ez dituzte babesten gure eskubideak, zehazki sexu askatasunerako eskubidea» jaso dute, plazaratutako oharrean bertan.
Baikortasunez harilkatu dute irakurketaren azken atala: «Badakigu bide egokitik goazela eta gauzak aldatzen ari direla. Izan ere, herritarrak dagokien mailan egon dira, eta, adierazi dute, argi eta garbi, eraso sexisten aurka daudela eta aldaketa soziala nahi dutela». Horregatik, aurrera begira egin beharreko urratsak taxutu dituzte: «Ez dugu geldirik egon behar, eta, denon artean, aurrera egingo dugu».
Bestalde, Emakundek jakinarazi du Beldur Barik Gunea izeneko guneak zabalduko dituela Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako festetan, gazteak biolentzia matxistaren aurka kontzientziatzeko xedez. Informazioa banatuko dute, bai eta gaiaren inguruko afixak, zein arazoa lantzeko «erremintak». Egingo duten lehenengo aldia da.