65 urteko gizon bat hil eta beste sei lagun zauritu zituen atzo goizean labankadaz gazte batek. Bilboko Santutxu auzoan izan zen erasoa, Zabalbide kalean lehenengo, eta hango ErrondaBerri tabernan ondoren. Ustezko erasotzailea 31 urteko gizonezko bat da, B.A.K., eta Barakaldon bizi zen (Bizkaia); auzotarrek atzeman ostean, Bilboko Udaltzaingoak hartu zuen atxilo, baina ikerketa Ertzaintzaren esku geratu da. Lehenengo ondorioen arabera, erasotzaileak ez zuen biktimekiko inolako harremanik.
Erasoa 09:30 aldera gertatu zen, Zabalbideko metro geltokiaren ondoan. Gizon batek eta emakume batek osatutako bikote batengana hurbildu zen oldarraldia eragin zuen gizona; lekukoen testigantzen arabera, oihuka zihoan, «nora ezean zebilen», «begirada galdua» zuela. Bikoteak Poliziari deitzearekin mehatxu egin zion, eta liskarretik alde egiten saiatu zen, baina errepidea gurutzatzera zihoazela sastakatu zituen biak. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, sukaldeko aizto bat erabili zuen, hamazazpi zentrimetroko xafla zuena.
Hortik aurrera, «bere onetik aterata» jardun zuela diote lekukoek; hura geldiaraztera zihoazenei zein bidean topatu zituenei eraso zien. Supermerkatu batera sartzen saiatu zen, baina estropezu eginda erori ostean, ErrondaBerri tabernarantz abiatu zen. Bidean, bi emakume eta gizon bat labankatu zituen. Taberna barruan, berriz, beste gizon bati eta beste emakume bati eraso zien; langileak sukaldean babestu ziren, eta atearen kontra ere sastaka ibili zen. Han zegoela lortu zuten zenbait auzotarrek gizonezkoa geldiaraztea, besteak beste, lauza batez buruan kolpatuz. Ondoren heldu ziren udaltzainak.
Hain zuzen ere, tabernan zegoen hildako gizona. Erasoa gertatu eta berehala, auzoko osagile batek artatu zuen, «anbulantziek asko tardatu baitzuten», hainbat lekukok jakinarazi dutenez. Zerbitzu medikuak ere gizonezkoa suspertzen saiatu ziren, baina tabernan bertan zendu zen. Kepa Maille Olaetxeak 65 urte zituen, eta orain lau urte erretiroa hartuta zegoen. Oso gizon ezaguna zen Santutxun, euskaltzalea zelako eta mendi taldean parte hartzen zuelako, baina, batez ere, auzoko Karmelo Ikastolari eskaini ziolako lan bizitza; Bilboko Udalak aitortua zion irakasle lan hori.
Senda-agiria bi gizonezkori
Hildakoaz gain, lau emakume eta bi gizon zauritu zituen atxilotuak erasoan; haietako bi oso larri zeuden atzo gauean, lerro hauek idazteko orduan. Gurutzetako ospitalean (Barakaldo) zeuden biak, Bizkortze Unitatean hain zuzen ere, arratsaldean ebakuntza egin ondoren. Batak, 30 urteko emakumeak, bular inguruan zeukan zauria, eta besteak, 47 urteko andreak, sabelaren ezkerreko aldean. Basurtuko erietxean, berriz, beste bi emakumezko ospitaleratu zituzten, 20 eta 21 urtekoak. Batek eskuineko giltzurrunaren inguruan zuen labankada, eta besteak gerrialdean; azken horri ebakuntza egitea aztertzen ari dira orain osagileak.
Gizonek zauri arinagoak izan zituzten, eta Galdakaoko ospitalean artatu ostean, senda-agiria eman zieten arratsaldean. 28 urtekoak zauri bat zuen toraxean, eta beste bat ezkerreko hankan; 53 urtekoak, berriz, ezkerreko besaburuan jaso zuen labankada. Bestalde, osasun zerbitzuek andrazko bat artatu behar izan zuten goizean Santutxun bertan, antsietateak jota.
Ustezko erasotzaileak ere laguntza medikua behar izan zuen. Hain zuzen ere, Basurtuko ospitaleko Psikiatria Saileko larrialdi zerbitzuan artatu zuten osagileek, baina arratsaldean Ertzaintzaren esku utzi zuten. Gaur epailearen aurrean deklaratzera eramatea espero dute. Atxilotuak ez du aurrekaririk, Bilboko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzak emandako datuen arabera.
Erasoa Bilbon: hildako bat eta sei zauritu
Santutxun 65 urteko gizon bat hil du gazte batek labankadaz; Ertzaintzak atxilotua du, eta gaur utziko du epailearen eskuSei zaurituetako biri ebakuntza egin diete, eta larri daude Gurutzetako ospitalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu