Bilboko Aste Nagusia

Erasoak salatu dituzte Bilboko Konpartsek jaien balorazioan

Giroa "ezin hobea eta parte hartzailea" izan dela esan dute, baina sexu erasoek eta eraso homofoboek giro hori goibeldu dutela. Azkunak "jai lasaiak eta istilurik gabeak" izan direla esan du; ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak hitz horiek salatu dituzte.

2011ko abuztuaren 30a
18:01
Entzun

Igandean Marijaiari agur esan ostean, Aste Nagusiaren balorazio gazi-gozoa egin dute gaur Bilboko Konpartsek. “Giro ezin hobea eta parte hartzailea” izan da euren ustez, baina giro hori sexu erasoek eta eraso homofoboek goibeldu dutela salatu dute. Horrela, Aste Nagusian emandako izandako eraso horiek “tamalgarriak” direla adierazi dute, eta egoera iraultzeko konpromezua agertu dute.

Horretaz gain, “Aste Nagusitik at dauden elementu juridiko-politikoek sortu dituzten tentsioak” ere gaitzetsi dituzte. Jai eredu misto eta parte hartzailearen alde egindako plantoa “oso positiboa” izan dela azpimarratu dute aldi berean konpartsetako kideek eta jasotako babesak Bilboko herritarrek eredu parte hartzaile bat nahi dutela frogatzen duela esan dute.

Hortaz, udaletxea eta konpartsak elkar ulertzera behartuta daudela ondorioztatu dute. Ildo horretan hurrengo urterako erronka zein den aurreratu dute: “Udala mugiaraztea”.

Azkunaren hitzei kritika

Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak Iñaki Azkuna Bilboko alkateak egindako jaien balorazioa salatu dute. Azkunak "jai lasaiak eta istilurik gabeak" izan direla esan du; alderdi horien ustez, ordea, ezin da halakorik esan emakumeen aurkako hainbat sexu eraso eta eraso homofoboak izan diren jai batzuei buruz.

Ezker abertzalea, EA eta Alternatibaren iritziz "indarkeria matxistaren aurkako borrokan erakundeek ardura handia dute; jaien balorazioa egiterakoan gertakari horiek kontutan ez hartzeak gaiarekiko izan beharreko kezkarik ez dutela erakusten du". Erakundeei eskatu diete emakumeen aurka jai eremuen barruan ematen diren erasoak gertatu ez daitezen neurriak har ditzatela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.