Euskara

Erasoen garaiari bukaera emateko eskatu dio Seaskak Frantziari

Seaskak besta eta manifestazioa uztartuko ditu abenduaren 28an, ikastolek pairatzen duten egoera salatzeko. Frantziako Gobernuak euskara hil nahi duela erran du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak.

Aitor Renteria.
2013ko abenduaren 18a
14:04
Entzun

Hendaiako ikastola handitzeko xedea auzitara eramanez lehenik, ondotik Beskoitzekoa (Lapurdi) trabatuz eta, azkenik, Hazparneko Herri Elkargora igorritako gutunaren ildotik, ikastolaren aurkako erasoa orokorra dela ebatzi du Seaskak. Estatuak bide bakarra uzten die ikastolei, lurrak eta egoitzak erostea. Alta, Seaskaren zorpetzeak muga jo du, Piarres Lartzabal ea Xalbador ikastetxeen mailegua ordaintzen ari baita Seaska, Urruñako eta Sohütako ikastolarenak bezala.

"Ez dugu sinesten hezkuntzaren pribatizazioan; ikastola herri eskola da, eta zerbitzu publiko bat dugu eskaintzen", nabarmendu du Indok.

Abenduaren 28an, Baionako Reduit plazan elkartuko dira, 12:00etan. Ikastolek 10.000 talo banatuko dituzte borondatearen truk.

Egoera "biziki larria"

"Egoera larria da, biziki larria ere. Prefeta eta suprefetaren ekimenez ikastola guziak dira lanjeran emanak estatu elebakarrean", azaldu du Seaskako ordezkariak.

Herriko etxeek "demokratikoki eta gehiengoz" erabaki dute ikastola bat egitea edo eremu publiko bat ikastolaren esku uztea, "baina Frantziako Estatuko ordezkariek, prefeta eta suprefetak ez dute halakorik onartzen. Orain arte artikulu bat prentsan agertzea edo hautetsi batek gutun bat idaztea suprefetari aitzakia zen ikastola bat bertan beherea gelditzeko. Hemendik aitzina aldiz, ikastolei loturiko edozoin erabaki auzitara eramanen dutela errana dute".

Ikastolen gastuei aurre egiteko "Herri Urrats biziki inportantea" dela azaldu du, "baina ez da aski behar guziak estaltzeko. Kredituz beteak gira, Piarres Larzabal, Xalbador, Urruña, Sohütarenak. Estatuaren jokamoldeak ez du zentzurik, ez dugu ahalik, eta ez dugu sinesten hezkuntzaren pribatizazioan. Ikastola Herri eskola da, eta zerbitzu publiko bat dugu eskaintzen".

Ikastolen garapenak "esperantza sortu" die azken urteotan, sinesteko "hizkuntza salba" dezaketela "hainbeste urteko odolhustearen ondoren". Estatuak esperantza hori "hil nahi" du. "Estatuak euskara hil nahi du, lurralde hizkuntzen heriotza nahi du".

Europako karta

François Hollandek hizkuntzei buruz hitzemandako aurrerapenen gainetik, egoera honek 40 urteko gibelapena dakarrela ohartarazi dute. "Zer sinesgarritasun du Ayrault lehen ministroak Europako Karta berretsiko duela errateak, mementu berean hizkuntza salbatzeko dugun tresna eraginkor bakarra, murgiltze eredua suntsitu nahi duelarik?".

"Lege bat behar" dutela aldarrikatu du, "hitz eta betegabeko promesen gainetik, hizkuntzendako eta murgiltze ereduarendako lege bat, orain eta hemen!".

"Parisetik erantzun baikorrik ezean,hizkuntzaren defentsan indartsuago aritu beharko" ariko behar dela nabarmendu du. dugu."Atzo bezala egun ere, gure hizkuntzaren alde borrokatzeko prest gara".

2013a "urte beltza" izan da ikastolendako. "Hollande eta Ayrault jaunei galdegiten diegu aurtengo parentesia hets dezaten, 2014a beste urrats berri batez has dezaten".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.