Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaitzetsi egin du atzo Bilboko Santutxu auzoan gertatutako erasoa, eta erasotzailearekin «justizia» egiteko eskatu du. Hala, oldarraldiaren ondorioz hildako Kepa Mallearen senideei elkartasuna azaldu nahi izan die Lopezek.
PSE-EEk ekitaldi politikoa egin zuen atzo Donostiako Konstituzio plazan, Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainaren karietara. Bertan jardunzen Lopez erasoaren gainean, besteak beste, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eleduna eta Ramon Jauregi, Odon Elorza eta Eduardo Madina hautagaiak lagun zituela. Oldarraldia «basatia» izan zela azaldu zuen Lopezek, eta atzokoa «euskal gizartearentzat dolu eguna» izan zela gaineratu zuen: «Berreskuratutako askatasuna aldarrikatzen dugun egun honek odol orbana du; Bilbon herritar ugariri eraso egin eta haietako bat hil duen gizonezko baten ekintza basatia». Horrez gain, indarkeria adierazpen oro —«terrorista, matxista edo beste edozein izaerakoa»— desagerrarazteko borondatea adierazi zuen, eta atzokoa «zoritxarrez hondoak jota dagoen beste familia bati elkartasuna agertzeko eguna» zela erantsi zuen.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek ere elkartasuna azaldu dio Mallearen familiari. Erasoaldia arbuiatu du, eta «babes osoa» adierazi die Mallearen senideei, zauritutako sei pertsonei eta haien familiakoei. Halaber, Santutxu auzoko hainbat pertsonak erasoaren unean izandako erreakzioa goraipatu du Aresek: «Haien jarrerari esker erasotzaileak ez du pertsona gehiago zauritzeko edo sastatzeko aukerarik izan, herritarrek aurka egin baitiote».
Atsekabea udalean
Bilboko Udalbatzak ere aho batez gaitzetsi du atzo Santutxun gertatutako erasoa, eta «babes eta elkartasun osoa» adierazi die oldarraldiaren biktima izan direnei eta haien senideei. Iñaki Azkuna Bilboko alkateak irakurri zuen atzo udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek adostutako idatzia. Alkateak babes «berezia» azaldu die Kepa Mallearen familiakoei, eta oldarraldian zauritutako sei pertsonak «lehenbailehen» osatzeko itxaropena agertu du.
Santutxuko biztanle guztiei helarazi die babesa Azkunak, eta Bilbo «atsekabetuta» dagoela azaldu du. Gainera, auzokoek «ausardiaz eta gizalegez» jokatu izana goraipatu du, erasoak ekiditen saiatu izanagatik: «Herritarrek egin diote aurre erasotzaileari». Azkunaren arabera, zauritutako batzuk erasotzaileari aurre egin diotenak dira: «Eraso gehiago saihesten saiatu dira».
Azkunak jakinarazi du udalak herri akusazio gisa jardungo duela erasotzailearen aurkako epaiketan: «Fiskaltzarekin eta [Mallearen] sendiarekin elkarlanean arituko da udala, legearen pisu guztia harengan eror dadin». Dolu modura, udaletxe aurrealdean duten Bilboko bandera hiru egunez haga erdira jarriko dutela jakinarazi du Azkunak, eta gaur eguerdian udaletxe aurrean elkarretaratzea egitera deitu du.
Erasotzailearekin «justizia» egiteko eskatu du Lopezek
Herritarren jarrera goraipatu du Rodolfo Aresek, eta horiei esker ez dela inor gehiago zauritu adierazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu