Europako Parlamenturako hauteskundeetara CiUrekin joatea baztertu zuen herenegun ERCk, eta indarra hartu zuen EH Bildu koalizioarekin batzeko aukerak. Negoziatzen ari direla aitortu dute biek, eta, berri agentzien arabera, bilera bat ere egin zuten atzo. Horren ondoren, berri agentziek ERCko iturriak aipatuz zabaldu zutenaren arabera, "zail" ikusten du aukera hori Kataluniako alderdiak. Dena den, baieztatu dute otsailaren 1ean hartuko dutela behin betiko erabakia, kontseilu nazionalean.
Kataluniaren independentziari buruzko galdeketa deitzea adostu aurretik aritu zen negoziatzen EH Bildu, besteak beste, ERCrekin. Galdeketaren galderak eta data adostu ondoren, ordea, Kataluniako alderdiek hauteskundeetara batera aurkezteko aukera jorratu zuten. Aukera hori baztertu egin zuen Oriol Junqueras ERCko presidenteak.
EAJ eta CiU, gertuago
Katalanen koalizio hori baztertuta, EAJk errazago du bidea, aurreko hauteskundeetan bezala, CiUrekin joateko. Andoni Ortuzar presidenteak esan zuen ez zuela "zailtasun berezirik" aurreikusten koalizio hori osatzeko, eta "ia egunero" daudela harremanetan. Aurreratu zuenez, "laster" zehaztuko dute bilera baterako eguna. "Akordioa erraza eta naturala izango da".