Nafarroako Gobernua hezkuntzan egitekoa den lan eskaintza publikoaz eztabaidatu zuten asteazkenean Nafarroako Parlamentuan. Eztabaida horren zati batek sare sozialetara egin du jauzi, baina ez, hain zuzen, lan eskaintzari buruzkoak.
PPko legebiltzarkide Javier Garciak eztabaida mikatza izan zuen sindikatuekin, euskaraz hitz egin zutelako: "Errespetuagatik, gaztelania erabili beharko zenukete, parlamentari gehienek entzungailuak jarri beharrik izan ez dezagun", esan zien.
Twitterren, ugaritu egin dira #JavierPonteLosCascos traolarekin idatzitako txioak, Garciari erantzunez ikas dezala euskaraz eta, bitartean, jar ditzala entzungailuak. Broma ugari egin dute, halaber, Garciak gaztelaniaz "atónito" —txundituta— esan beharrean "atónico" esan zuelako.