AHT

Erdia baino gehiago AHTarentzat

Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan 2016an egingo duen inbertsio osoaren erdia baino gehiago AHTa eraikitzeko izango da; 327 milioi bideratuko ditu Hego Euskal Herriko AHT sarea egiteko. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 2.141 milioi euro ordaindu beharko dizkiote Espainiako Gobernuari kupo bidez, Espainiako Gobernuak datorren urterako aurkeztutako aurrekontu proiektuaren arabera.

Abiadura handiko trena egiteko lanak, Zizurkilen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
jon olano
2015eko abuztuaren 4a
21:04
Entzun

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak Espainiako Kongresura eraman du gobernuak 2016rako prestatutako aurrekontu proiektua. Bertan jasota dago Espainiako Gobernuak abiadura handiko trena egiteko bideratuko duen diru kopurua.

Euskal Y-a eraikitzeko, 290,8 milioi euroko aurrekontua gorde du Madrilek. Castejon eta Euskal Y-aren arteko bidea egiteko, berriz, 36,3 milioi; beraz, 327,1 milioi guztira.

Madrilek 449,44 milioi euroko inbertsioa egingo du guztira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 106,32 milioikoa Nafarroan; 555,76 milioi euro, orotara. Hori horrela, Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herrian egingo duen inbertsio osoaren erdia baino gehiago AHTa eraikitzera bideratuko du; %58.

2.141 milioi euro Madrilera

Aurrekontu proiektuan, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kupo bidez ordaindu beharreko dirua ere zehaztu du Espainiako Gobernuak. Bi gobernuekin ados jarri ez, eta aurreko bosturtekoan zehaztutako diru kopuru berari eutsi dio Madrilek; 1.525 milioi pagatu beharko dizkio Jaurlaritzak, eta 616 milioi Nafarroak.

Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren esku ez dauden eskumenen truke pagatzen diote gobernuok kupoa Madrili.

Espainiako Kongresuko taldeek abuztuaren 21era arteko epea izango dute proiektuari osoko zuzenketa aurkezteko, eta hilaren 27ra artekoa artikulu zehatzak zuzentzeko. Urriaren 19 eta 23 artean espero da Espainiako Kongresuak aurrekontuak onartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.