Ikastetxeetara zein aldaketa etorriko diren zain hasiko dute gaur eskola garaia Nafarroan; bihar izango dute txanda Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek. Hona gaur egungo egoeraren eta datorrenaren azterketa:
Ikasle kopurua
Etenik gabeko hazkundeaAzken hamar urteetako joerak aurtengo ikasturtean ere segitu du: gero eta ikasle gehiago daude eskoletan. Hegoaldean, 465.000 inguru izango dira. Zenbaki zehatz-zehatzak falta dira. Nafarroan, adibidez, ixteko daukate matrikulazio epea, eta iraileko azterketetan jarrita daukate itxaropena Bigarren Hezkuntzako 8.500 estudiantek; gainditzea dute jokoan. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 50.000 ikasle dira; han ere oraindik ez da datu zehatzik.
Azken hamarkadei begiratua emanda, argia da joera: 1990eko hamarkadan jo zuen goia kopuruak —orain hogei urte, 1992-93ko ikasturtean, 517.800 ikasle ziren Hegoaldean; eta hori, derrigorrezko eskola aldia orain baino bi urte gutxiagokoa zenik—, eta beheranzko joera handia hasi zuen. Hamar urtean, laurdena gutxiago ziren ikasleak: 390.000 pasatxo. 2001-02ko ikasturtetik ari da gora egiten kopurua; ordutik aurtengo ikasturtera, %20 handitu da.
Irakasleak
Ratioetan alde nabariakMaisu-maistren kopurua ere handitu da urteotan sare publikoan eta itunpekoan, baina ez ikasleen hein berean. Eta gutxiago orain, mozketak nagusi direlarik. Nafarroan, 550 irakasle kaleratu dituzte bi urtean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan horrelakorik ez dela esan du Eusko Jaurlaritzak, sindikatuen salaketak gezurtatuta. Espainiako Hezkuntza Ministerioak jakinarazi berri du aurreko urtean baino 289 maisu-maistra gutxiago aritu zirela iazkoan hiru herrialdeetan; zenbaki horiek ere gezurtzat jo ditu Jaurlaritzak.
Ikasleen eta irakasleen datuak erkatuta, hara datuak: Hego Euskal Herriko sare publikoan, 5,25 ikasleko irakasle bat dago; iazko ikasturteko datua da. Azken hamarraldiko zenbaki kaskarrena da: 2002-03koan, 5,07ko zegoen irakasle bat, eta 2010-11koan, 4,58ko.
Itunpeko sarearekiko alde handiena horretan du publikoak. Maisu-maistra bakoitzeko 12,48 ikasle zituzten iaz itunpeko eskoletan—sare publikoaren bikoitza baino gehiago—. Azken urteetan hobetu da itunpeko sarearen egoera zerbait: orain hogei ikasturte, adibidez, 18,5 ikasleko zeukaten irakasle bat; sare publikoan, 7,2 estudianteko zegoen irakasle bat. Alde handiak daude oraindik, eta handiagoak izan daitezke: eskolak ituntzeko irizpideak gogortzea erabaki du Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, murrizketak direla eta.
Ikasle kopuruari dagokionez, izan ere, antzera daude bi sareak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurten, estudianteen %50,7 arituko dira eskola publikoetan. Ikasleen erdiak pasa daude sare publikoan, eta irakasleen hiru laurden.
Ereduak
Euskara, baldintzatutaIkasle gero eta gehiagok ikasten dute euskaraz, bistan da. Azken urteetako joerak erakusten du, ordea, moteltzen ari dela hazkundea. Geldialdia dago Nafarroan.
Egoera desberdina da administrazio eremuaren arabera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eredu nagusia da euskarazkoa: ikasleen %61,4 ari dira D ereduan. Ikustekoa da bilakaera: 1992-93ko ikasturtean %26,4 ziren D ereduko ikasleak; 2002-03koan, %46,9. Lanbide Heziketako datuek baldintzatzen dituzte zenbaki horiek: LHn, oraindik ere jaun eta jabe da A eredua, gaztelania duena irakats-hizkuntza: aurten, Batxilergoan eta LHn, %58,5 A ereduan arituko dira. Zerikusirik ez beste irakats-aldietako datuekin: Haur Hezkuntzan %4,9 dira A eredukoak, eta Lehen Hezkuntzan, %6,7.
Nafarroan ere aurrera egin du D ereduak azken urteetan: 1992-93ko ikasturtean ikasleen %12,7k aukeratu zuten, eta 2002-03koan, %21,4k. Igoera hori geratu egin da, nolanahi ere: 2011-12ko ikasturtean %24,7koa zen kopurua—aurtengo daturik ez da—. Erdal ereduak indartzen ari dira orain: TIL eredua ari da bidea egiten, ingelesa eta gaztelania oinarri dituena. Aurten, 40 eskolatan jarriko dute. TIL eredua gorantz, D eredua ahultzen ari da herrialdean.
Ingelesa oinarri duen eredu bat probatzen ari dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez ematen dituzte eskolak 118 ikastetxetan, norberak taxututako eredu batekin. Aurtengo ikasturtean, 12.000 gaztetxo inguruk jardungo dute modu horretara. Ebaluazioa egin gabe dauka sistema horrek.
Murrizketak
Jaurlaritzaren helegitea faltaEspainiako Gobernuaren murrizketak martxan jartzeko ikasturtea izango da aurtengoa. Nafarroako Gobernuak erabat egin ditu bere: maisu-maistren eskola orduak gehitu ditu —Haur eta Lehen Hezkuntzan 23 ordu ez, 25 izango dituzte—, ikasleak gehiago pilatu geletan, eta ordezkapenak atzeratu. Irakasleak kaleratzea ekarri du horrek, eta ordukako kontratuak ugaritzea. Eusko Jaurlaritzak ez ditu bere egin hezkuntzaren alorreko mozketak. Helegitea jarriko zuela iragarri zuen, baina, uda osoa igarota, ez dute jarri izanaren berririk eman.
Hezkuntza erreforma
Azterketak eta rankingakTrantsizioko ikasturtea izango da aurtengoa: hezkuntza erreforma aurrera aterako du Madrilgo gobernuak, eta datorren urtetik aurrera jarriko dute indarrean. Azterketak izango dira sistemaren oinarria: irakats-aldi bakoitzaren amaieran azterketa bat gainditu beharko dute ikasleek; aprobatu ezean, ikasturtea errepikatu beharko dute. Batxilergo amaierako azterketak beste funtzio bat ere izango du: unibertsitaterako sarbidea zailtzea. Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak esana da selektibitatea ez dela egokia, ikasle gehien-gehienek gainditzen dutelako. Amaierako probarekin, selektibitatea desagertu egingo da. Eskolen rankingak egingo dituzte proben emaitzekin. Elitizazioaz ohartarazi dute: ikasketetan ezinean dabiltzanak lanera azkarrago bideratuko dituzte, eta zer ikasi lehenago aukeratu beharko dute.
Zentralizazio handiagoa izango da datorren urtetik aurrera. Amaierako azterketetan-eta zeresana izango du PPren gobernuak.