Ereñotzuko toki entitate txikia eratu da Hernanin, Gipuzkoako lehena

Eneko Goiaren arabera, Igeldok eta Itziarrek aukera dute entitate eredu hori eskatzeko, baina udalerri izan gabe

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak foru dekretu bidez onartu egin du Hernaniko udalerrian Ereñotzuko toki entitate txikia eratzea. Hala, Gipuzkoako lehena izango da Ereñotzukoa. Eneko Goia diputazioko bozeramailearen esanetan, espedientea aztertu eta gero, egiaztatuta geratu da Ereñotzuko toki entitate txikia eratzeko aurreikusten diren «nahitaezko baldintzak» betetzen dituela.

Hain zuen, baldintza horiek Gipuzkoako Udal Barrutiak arautzen dituen 2003ko martxoaren 17ko 2/2003 Foru arauan jasotzen dira, hala nola honako hauek: horretara bultzatzen duten inguruabar geografiko, historiko, sozial, ekonomiko edo administratiboak gertatzea; biztanle guneak 500 biztanle baino gehiagokoak izatea; entitatea eratzeak ez ekartzea biztanleei eskainitako zerbitzuetan kalitate galerarik, eta entitateak behar beste baliabide izatea dagozkion xedeak bete ahal izateko.

Ereñotzuko toki entitate txikiak honako gobernu organo hauek izango ditu: alkatea eta auzo batzarra, eta batzarra alkateak eta lau kidek osatuko dute. Datorren urteko udal eta foru hauteskundeak egin bitartean, foru aldundiak toki entitate txikia zuzentzeko batzorde kudeatzaile bat osatu eta batzorde horretako kideak izendatuko ditu.

Honako eskumen hauek izango ditu toki erakundeak: bere ondarea administratzea eta zaintzea; mendi eta landa garapena, eta etxe eta baserrietara iristeko herri bideen mantentze lanak; herriaren mantentze lanak eta lorezaintza lanak; eta toki entitate txikiko eraikinen mantentze lanak, garbiketa eta zainketa. Horretarako, Hernaniko Udaletik jasoko ditu aurrekontuak, eta diru laguntzak ere eskatu ahal izango ditu.

Igeldori, ezetz

Martxoan Gipuzkoako Diputazioak ateak itxi zizkion Igeldo udalerri independente izateari, eta Donostiatik banatzearen aurkako erabakia hartu zuen, udalerri izaera lortzeko hainbat baldintza ez zituela betetzen argudiatuta. Igeldotarrek auzitara jo zuten.

Eneko Goiaren arabera, Igeldok eta Itziarrek(Deba) aukera dute entitate eredu hori eskatzeko, baina udalerri izan gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.