Paueko Krimen Auzitegian 10:00etan ekin diote Nicolas Bonnemaison sendagilearen epaiketari, zinpeko epaimahaia osatu ondoren. 2011ko abuztuan, Baionako Suprefeturaren aginduz atxilotu zuten. Baionako erietxe publikoan larrialdietako medikua zen Bonnemaison, eta zazpi eri pozoituta hiltzea egotzi zioten. Hilurreneko eriak ziren ustez hark hildako denak, eta haien "sufrimendua" arintzeko egin zuela aitortu zuen berak. Bizi guztirako presoaldia ezar diezaiokete. Nora Arbelbide kazetariak epaitegitik eman du epaiketaren berri:
Bonnemaisonen abokatuek adierazpenak egin dituzte hedabideen aurrean, epaiketa hasi aitzin. Benoit Ducos-Ader abokatuak aitortu du epaiketa gizartearentzako eztabaida bat izatea nahi dutela, eta uste du hala nahi duela akusazioak ere. Izan ere, lekuko gisa deklaratuko du Jean Leonettik, bizitzaren amaierakoak arautzen dituen legearen egileak.
Bonnemaisonek berak hartu du hitza. Azaldu du eriekin eta haien senideekin pentsatzen zuela, eta kexatu medikuntzan jardutea debekatu izanak sufrimendu handia eragin diola; halaber, erantsi du bortitza zaiola "kriminal", "hiltzaile", "pozointzaile" bezala agertzea.
Bere depresioez mintzatu da Bonnemaison, eta epaileak galdetu dio ea bere ustez horrek ez ote duen eragin bere lanean. Ea larrialdietako zerbitzu buru izateko gai zen galdegin dio epaileak, eta baietz erantzun du. Arratsaldean ekingo diote berriro epaiketari.
Salaketarik ez
Hildakoen senitartekoek ez dute kontrako salaketarik jarri sendagilearen aurka; soilik familia bat aurkeztu da parte zibil gisara auzibidean, baina, kasua gertutik jarraitu dutenen arabera, ez du jarrera akusatzaile batengatik egin urrats hori, informazioa eskuratzeko baizik, bestela zaila baita hainbat datu eskuratzea. Senitartekoek jarrera hori badute ere, sendagilearen aurka egindako inkestari lotuta, aurrera jarraitu du auzibideak eta horregatik hasiko da gaur Bonnemaisonen aurkako epaiketa.
Zazpi gaixoren heriotzarekin lotura izan zuelakoan epaitzen ari dira Bonnemaison. Beste bi heriotzaren inguruan ere izan zituzten susmoak, baina, azkenean, zantzuak besterik ez zeuden horien inguruan, inkestak ez du bestelakorik argitu, eta horien gaineko auzibideak ez zuen jarraitu.
Erietako baten alargunak —Patricia Dhooge, Fernand Dhoogeren emaztea zena— publikoki esan du epaiketan medikuaren alde mintzatuko dela. Senarrak minbizia zuen, eta urte asko egin zituen gaitzak jota. Azken orduko «sufrimendua» arintzeko Bonnemaison sendagilearen laguntza zinez garrantzitsua izan zela azaldu du. «Eskerrak han zen», aitortu du. «Deklaratuz gero, hari laguntzen saiatzeko izango da». Ez da publikoki medikuaren alde mintzatu den senitarteko bakarra; auziaren berri izan berritan medikuaren jardunbidearen defentsa egin zuten gehiagok ere.
Jazoeraren atzeko zurrunbiloan eutanasia legeztatzeko eskariak daude, Frantziako Gobernuari hainbat erakundek eta gizarte mugimenduk egindakoak. Egun, bizitzaren amaierakoak Leonetti deitu legeak arautzen ditu —Jean Leonetti UMPko politikariak idatzitako testua da, 2005ekoa—, eta hilurren dauden gaixoei tratamenduak bertan behera uztea baimentzen du, baina ez eutanasia egiterik. Hainbat eragileren arabera, hori ez da aski. François Hollandek, Frantziako Gobernuko presidente kargua hartzean, bere egin zuen legea aldatzeko konpromisoa, baina oraindik ere ez da egikaritu.
Sostengu keinu ugari
Sona handiko izenak ere batu dira Bonnemaisonen alde. Bernard Kouchner, esaterako —Mugarik Gabeko Medikuen sortzailea, Osasun ministroa 2001. eta 2002. urteetan—, medikuaren alde mintzatzeko prest azaldu da, Leonetti legean harago egin behar dela iritzita.
Medikuen artean, hala ere, ez da batasunik egon auzi honetan; kontrako zein aldeko iritziak heldu zaizkio Bonnemaisoni, eta epaiketa, alde bietako lekuko ugarirekin, desadostasun horren ageriko agertokia izango da: bizi-bizi dagoen debate baten isla. Bonnemaisonek gaixoekin «pozoia» erabili zuela argudiatuko du salaketak; hilurrenentzako ukendu izan zela, aldiz, haren defentsak. Lehendik ere hainbat medikuk esan izan ohi dute jokamolde «larria» izan zuela; beste askok, berriz, haren jardunbidearen defentsa irmoa egin dute.
Elkarte bat ere bada, propio, Bonnemaisoni atxikimendua erakusteko eratua: Hazparnen du egoitza, Lapurdin, eta jende askok egin du bat bertan. Auzibidea martxan den bitartean hedabideen aurrean ez dutela hitz egingo adierazi dute elkarteko kideek, baina bide onetik doazela medikuari sostengua erakusteko egindako urratsak: 500 medikuk baino gehiagok egin dute bat Bonnemaisonekin, eta 60.000 herritarrek ere eman dute sinadura medikua babesteko. Atzean dagoen gaia «hipokrisiarik» gabe landu behar dela esan dute. Bonnemaisonen inguruko albisteak zabaltzen hasi orduko, jende askok erakutsi zion atxikimendua.
Krimen auzitegiak zer esango duen ez badaki ere, Bonnemaisonek probatua du dagoeneko bere ofiziokoen zigorra: Akitaniako Sendagileen Ordenako lehen auzialdiko diziplina ganberak lehengo urtean ebatzi zuen bertatik kanporatzea; eutanasia aktiboa praktikatzea leporatu zion, eta, batez ere, erabakia bakarrik hartu izana. Aurretik Pirinio Atlantikoetako Medikuen Elkargoak aztertu zuen auzia, eta zigorrik ez jartzea ebatzi zuen: baina erabaki kritikatua izan zen, eta Frantziako Medikuen Elkargoak, departamenduko sendagileen jarrerarekin kritiko, berretsi egin zuen medikuaren aurkako salaketa.
Sicarden txostena
Didier Sicard sona handiko medikua da, erreferentzia da bioetikarekin lotutako gaietan. Hari eskatu zion Hollandek bizitzaren amaierakoak arautzeko lege proposamen berriaren atariko txostena idazteko. Hala nahi duten eriei suizidio lagundurako bidea irekitzea proposatzen du testuak. Egungo legeak ez bezala, hiltzen laguntzea proposatzen du; ez soilik tratamenduak erretiratzea. Hor dago aldea. Betiere, hori bai, oso gaixo dauden pertsonei zuzenduta egongo litzateke aukera.
Sicardek txostenean argudiatu zuen herritarren %80-90 daudela lege aldaketaren alde. «Bizitzaren amaiera jasangaitza izateko» kezkak samin handia eragiten duela ohartarazi zuen, eta horren araberako gogoetaldi bat beharrezkoa dela. Eta gogoeta aroa luzatzen ari da. Lege proposamena uda aurretik izateko esperantza azaldu zuen Hollandek. Eta heldu da uda: eztabaida bete-betean.